Funverako langileek greba bertan behera utzi eta lanera bueltatuko dira enpresaren eskaintza onartu ondotik

Aitor AROTZENA 2010eko urtarrilaren 25a

Funverako langileek greba bertan behera uztea erabaki dute astelehen goizeko bozketan. 142 langileetatik 97k bozkatu dute: 70 lantegiaren eskaintza onartzearen alde, 16 kontra, 10 txuri eta baliogabek

ELA eta LABek orain arte izan duten batasuna hautsi egin da Berako lantegian

Urtarrilaren 25ean, astelehen goizeko 10:00etan egin dute Funverako lantegi atarian, langileek grebarekin segitu ala enpresak egindako eskaintza onartzea erabakitzeko batzarra. Nafarroako Gobernuak baimena eman ondotik kaleratutako 47 langileek ere bozketan parte hartzeko eskubidea zuten, 142 langilek guzira. Horietatik 97k eman dute botua eta 70ek enpresaren eskaintza onartu dute, 16ek ezezkoa eman dute, 10 botu txuriak izan dira eta 1 baliogabea. Honenbertzez, Felix Espelosin langileen batzordeko presidenteak aipatu duenez, “gaur bertan jakinaraziko zaio enpresari eta Nafarroako Gobernuari greba bertan behera gelditzen dela eta bihartik aitzinera, bakoitzak bere erreleboan sartu beharko du”.


LAB grebarekin segitzearen alde zegoen

LABek bozketa horretan parte ez hartzeko deia egin die langileei eta bozkatzekotan, grebarekin segitzearen alde bozkatzea. ELAk egin zuen batzar deialdia, baina LABek gogor kritikatu du, “lantegiak ez baitu deus trukean eskaintzen”.  LABen erranetan, bi puntu bakarrik aipatzen dira akordioan, “komenioz dagoeneko eginak egon behar zuten aurrejubilatuen lau errelebo-kontratu eginen direla, alde batetik, eta bertzetik lantegiak ebentualak behar dituenean kaleratuen zerrendatik hartuko dituela hurrengo lau urtetan. Hemen ere, ez du deus eskaintzen enpresak, langileak behar dituenean normalena esperientzia dutenak hartzea baita” aipatu digu Dabid Iturria LABeko ordezkariak. “Enpresari jokaldi borobila atera zaio, gainera bi hilabete hauetako soldatak aurreztu baititu”.
Jarrera honekin, kaleratutako 47 langileak “alde batera” utzi direla salatu du LABek eta bozketa “enpresaren mehatxupean eta beldurrez egin dela” salatu du.  Iturriaren ustez, “lanean sartuko gara, deus lortu gabe”.

 

Langileen erabakia errespetatu behar dela uste du ELAk

Oarso-Bidasoako ELAk adierazi duenez , “LABek ez du Funverako langileen erabakia errespetatu nahi”. Bozketan parte ez hartzeko erabakia “langileekiko errespetu falta” dela uste du ELAk eta “sekretua izan den bozketa horretan, kaleratutako langileek ere parte hartzeko eskubidea” izan dutela aipatu du. ELAren arabera, “ezinbertzekoa iruditzen zaigu langileek beraiek modu demokratikoan erabakitzea enpresaren azken eskaintzari buruz”.
Bi sindikatuen arteko elkarlana ezinbertzeko oinarri bat izan behar duela uste du ELAk: “langileen hitzaren eta erabakiaren errespetua. Ezin zaio horri bizkarra eman”. Felix Espelosinek adierazi digunez, “behin 47 kaleratzeak gertatu eta indemnizazioak ordaindu direlarik, horri buelta ematea zaila da, baina plantillan gelditzen ginen 95 lagunak greban segitu dugu kaleratuendako zerbait gehiago lortzeko. Azkenean dena gutti da, baina 4 errelebo-kontratu horiek lortu dira eta apirilaren 1ean 47 lagun horietatik lau sartuko dira aurrejubilatzen direnak ordezkatzeko eta hurrengo lau urtetan espero dugu kaleratutako langile horietatik sartzen joatea”.
Azkeneko astera arte langileen borroka “ejenplarra” izan dela uste du Espelosinek. “Euskal Herrian ez da enpresa bakar bat ere despidoak egin eta langileek huelgan segitu dutenik”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun