Urtarrilaren 25ean, astelehen goizeko 10:00etan egitekoa da Funverako lantegi atarian, langileek grebarekin segitu ala ez erabakitzeko batzarra.
ELAk egin du batzar deialdia, baina LABek gogor kritikatu du, “lantegiak ez baitu deus trukean eskaintzen”. LABen erranetan, bi puntu bakarrik aipatzen dira akordioan, “komenioz dagoeneko eginak egon behar zuten lau errelebo-kontratu eginen direla, adle batetik eta bertzetik lantegiak ebentualak behar dituenean kaleratuen zerrendatik hartuko dituela. Hemen ere, ez du deus eskaintzen enpresak, langileak behar dituenean normalena esperientzia dutenak hartzea baita”.
Jarrera honekin, kaleratutako 47 langileak “alde batera” utzi direla salatu du LABek eta bozketa “enpresaren mehatxupean eta beldurrez eginen dela” salatu du. Horregatik, LABek bozketa horretan parte ez hartzeko deia egin die langileei.
Idatzi honi erantzunez, Oarso-Bidasoako ELAk adierazi duenez , “LABek ez du Funverako langileen erabakia errespetatu nahi”. Bozketan parte ez hartzeko erabakia “langileekiko errespetu falta” dela uste du ELAK eta “sekretua izanen den bozketa horretan, kaleratutako langileek ere parte hartzeko eskubidea” izanen dutela aipatu du. ELAren arabera, “ezinbertzekoa iruditzen zaigu langileek beraiek modu demokratikoan erabakitzea enpresaren azken eskaintzari buruz” eta erabaki hori errespetatuko dela jakinarazi du.
Bi sindikatuen arteko elkarlana ezinbertzeko oinarri bat izan behar duela uste du ELAk: “langileen hitzaren eta erabakiaren errespetua. Ezin zaio horri bizkarra eman”.