Funverako langileek urtarrilaren 21ean erabakiko dute grebarekin segitzen duten edo ez

Aitor AROTZENA 2010eko urtarrilaren 20a

Etorkizuna erabaki bitatean, mobilizazioekin segitzen dute Funveran. Joan den astean Savera lantegian bildu ziren. Asteazken eta ortzegun honetan Agerran eginen dira kontzentrazioak. Aitor AROTZENA

Bien bitartean, gizarte eragile ezberdinak Agerrako biribilgunean bilduko dira asteazken eta ortzegunean kaleratzeak salatzeko

Berako Funvera lantegiko langileek urtarrilaren 21ean, ortzegunean erabakiko dute abenduaren 2an hasi zuten grebarekin segitzen duten edo bertan behera uzten duten.
Jakina denez, Nafarroako Gobernuak 47 kaleratze baimendu zituen eta joan den astean hartu zuten kaleratze-jakinarazpena 47 langile horiek. Itxura batean, lanera itzultzen ez badira bezerorik handiena galtzeko arriskua dagola jakinarazi die enpresak langileei “eta horrek ondorio larriagoak” izanen dituela. Enpresak negoziaziorako zirrikiturik ez duela ikusiz, langileen artean galdeketa egitea proposatu du langileen batzordeak.

 

Kontzentrazioak Agerrako biribilgunean asteazken eta ortzegunean

Bien bitartean, mobilizazioekin segitzen dute Funveran eta urtarrilaren 20 eta 21ean, asteazken eta ortzegunean, gizarte eragile ezberdinak Agerrako biribilgunean bilduko dira, Funverako kaleratzeen aurka protesta egiteko. Asteazken goizeko 08:00etatik arratsaldeko 14:00etara Zalaingo langileak egonen dira eta arratsaldean, Funverako langileak 16:00etatik 17:00etara eta Ezker Abertzalea 17:00etatik 18:00etara.
Ortzegunean goizeko 8:00etatik 14:00etara Arcelorreko langileak izanen dira eta arratsaldeko 16:00etatik 17:00etara Amnistiaren Aldeko Mugimendua eta 17:00etatik 18:00etara udal ordezkariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun