Lesaka eta Berako ur-hornidurarako irtenbide bateratuaren proiektuaren lanak egiteko Nafarroako Gobernuak Plan Zuzentzailean sartzearen alde agertu da Lesakako EAJ-PNVko dal taldea eta lehen udal batzarrean hori onartzen saiatuko dela adierazi du.
PNVren idatziak dioenez, prentsan argitaratu denaren arabera, badirudi Lesakan ur nahikoa badela eta lanik gehiena Lesakan eginen bada ere, Berako herriari ekarriko diola onurarik handiena, “baina hori ez da zehazki horrela”.
PNVren ustez lan hau behar beharrezkoa izanen da denbora guttian, “ez Berak hornidura arazoak dituelako bakarrik, obrarik handiena Lesakako deposituaren ondoan edateko uren araztegi handia delako baizik eta hortik Lesaka eta Berako auzo guzietara tratatutako ura eramanen delako, urte osoan edateko ura izatea segurtatuz”. PNVk dioenez, hori da orain Lesakako arazorik handiena, “momentu honetan, urteko egun erdietan baino gehiagotan, legeak baimentzen duena baino ur uherragoa ailegatzen baita herriko iturrietara”.
Uraren kalitatean ez ezik, denbora guttian ur kopurua ere eskasa izanen dela dio PNVk, “proiektatzen diren urbanizazioak egiten badira”. Horregatik, proiektua Lesakako udalaren aportazio “minimo batekin” aitzinera ateratzen ahal dela dio eta Nafarroako Gobernuak eskaintzen duen dirulaguntza beti eskuratzeko moduan ez dela izanen gehitzen du.
Bera eta Lesakako uren irtenbide bateratuaren lehen fasea Nafarroako Gobernuaren inbertsio Plan Zuzentzailean dago, 2010 urterako 1.600.000 euroko inbertsioarekin. Lehen fase honetarako eta obraren bertze fasetarako Nafarroako Gobernuak %90a jarriko luke eta gainerako %10a, bateratua denez, Bera eta Lesakako erabiltzaile kopuruaren arabera ordainduko litzateke.
Dirulaguntza eskatzeko epea bukatzen ari zela kontuan hartuz, Koldo Erkizia alkate zenean, irailaren 30ean, ebazpena onartu zuen, beti ere udal batzarraren onespenaren esperoan. Baina urriaren 24ko batzarrean hobekiago aztertzea erabaki zuen batzarrak, Oninen proposamena kontuan hartuz.
PNV egitasmoa aitzinera ateratzearen alde dago eta horretarako lehen urratsa, lehen fasean aurrikusia dagoen proiektuaren erredakzioa izanen litzateke. “Oraindik ez dago deus –dio PNVk– plano orokor bat bertzerik ez, errotuladorearekin errekak eta gaur egungo eta etorkizuneko deposituak markatuak dituena eta tuberien balizko trazatuekin, inolako balio teknikorik gabe eta norbaitek plano honi proiektu kategoria ematen badio, gaizki hasiko gara”.
Lau edo bortz urte lanak egiteko
PNVren ustez, lanak bukatzeko lau edo bortz urte pasatuko direla kontuan hartuz, “abudo mugitzen ez bagara, dirulaguntza galtzeaz gain zezenak ere harrapatuko gaitu”.
Ideia Berako eta Lesakako sareak bateratzea da, Lesakako Urabako Erreka, Irako Erreka eta Zalako Erreka eta Berako Matxaingo Errekako urak Lesakako deposituan bilduz. Ondoan eginen litzatekeen edateko uren araztegiak urte osoan kalitateko ur nahikoa segurtatuko luke. Matxaingo erreka eta Bera artean dagoen tuboa Lesakatik Berara ura eramateko aprobetxatuko litzateke, eta bertze bat eginen litzateke Matxain eta Lesakako deposituaren artean. Banaketarako tuboak gaur egungo berak izanen lirateke bi herrietan, baita Alkaiagan ere. Baina Alkaiagan, industriarako ura eta edatekoa banatuko litzateke eta edateko ura Lesakatik eramanen litzateke.