Sebastian Gonzalez pilotariak ireki zuen Nafarroako sagardotegi denboraldia Linddurrenbordan

Aitor AROTZENA 2010ko urt. 18a, 11:52

Nafarroako sagardo ekoizleek 300.000 litro egin dituzte aurten eta iaz baino graduazio gehixeagoa izanen du

Nafarroako sagardotegietako txotx denboraldia ireki zen urtarrilaren 15ean, joan den ortziral eguerdian Lesakako Linddurrenborda sagardotegian. Sebastien Gonzalez, berriki lau terdiko pilota txapelketa irabazi zuen pilotari azkaindarra izan zen irekitzeaz arduratu zena. Juan Mari Lopezek ireki zuen txotxa eta Gonzalezek, “Hau da aurtengo sagardo berria!” oihu eginez, hasi zuen denboraldia. Oniritzia eman zuen azkaindarrak eta erreldo luzea ibili zen kupeletik sagardoa hartu eta edaten.
Hori baino lehenago, Jo ala Jo taldekoak aritu ziren txalaparta, kirikoketa, txistu, ttunttun eta adar doinuekin ekitaldia girotzen. Tresna horietako aunitz sagardoa egiteko prozesua arintzeko erabiltzen ziren.
Ortziralean Linddurrenbordan hainbat pertsonai ezagun izan ziren. Gonzalezekin batera, Mikel Goñi eta Iñaki Otxandorena pilotariak; Naiara Egozkue Itxako taldeko eskubaloi jokalaria; Manolo Arozena, Bittor Elizagoien, Julen Zelaieta eta Etxabe bertsolariak; Oier Sanjurjo, aita lesakarra duen Osasunako jokalaria, David Latasa eta Xabier Zandio txirrindulariak, Donato eta Patxi Larretxea aizkolariak, Juan Fermin Mitxelena Lesakako alkatea eta Dolarea Nafarroako Sagardo Ekoizleen Elkarteko hainbat kide. Linddurrenbordarekin batera, Lekarozko Larraldeak eta Aldatz, Beruete eta Lekunberriko sagardotegiek osatzen dute elkartea. Aurten 300.000 litro sagardo egin dituzte Nafarroako ekoizleek. Juan Mari Lopezek aipatu zuenez, “aurtengoa ez da sagar urtea izan eta Bretainia eta Normandia aldetik edo Galiziatik ekarri behar izan dugu sagardoa egiteko”.
Juan Zuriarrain eta Domingo Arina enologoek aipatu zutenez, aurtengo sagardoak alkohol graduazioa gehixeago izanen du, 6,5 gradu inguru eta edateko errexa izanen den sagardoa espero dute, “sagar zapore klasikoekin, sagar ondua edo konpota, errate baterako”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun