Larunbat arratsaldean Bianditz inguruan galdu ziren Bilboko bi mendizale gazte onik topatu zituzten Lesakako suhiltzaile boluntarioek. Lesakakoekin batera, Goizuetakoak ere aritu ziren bilaketa lanean.
Larrialdi abisua arratsaldeko 16:30ak aldera jaso zen SOS-112 zerbitzuan. Bi mendizaleek beraiek egin zuten deia eta aipatu zutenez, Leitza aldetik abiatuta Artikutzara joan ziren eta handik Bidango gainera igo. Jautsieran galdu egin ziren.
Lesakako suhiltzaileek, mendizaleek emandako azalpenak segituz Eskaxeko guarda etxe ingurura joan ziren eta 18:00ak aldera topatu zituzten eta autoa utzia zuten lekura eraman zituzten.