Funverako langileek lanpostuen defentsarako borrokan segitzen dute

Aitor AROTZENA 2010eko urtarrilaren 15a

Urtarrilaren 14ean kontzentrazioa egin zuten Savera lantegi aitzinean, bertako langileekin batera

Funverako langileek abenduaren 2an abiatu zuten mugagabeko grebarekin eta mobilizazioekin segitzen dute. Urtarrilaren 14ean, ortzegun goizean bi orduko kontzentrazioa egin zuten enpresa-talde bereko lantegia den Saveraren aitzinean. ELA eta LAB sindikatuek sinatutako pankartan, Savera taldea eta Nafarroako Gobernua jotzen dute Funveran izan diren 47 kaleratzeen arduradun. Hain zuzen, aste honetan jaso dute kaleratutako 47 langileek jakinarazpena, burofax bitartez. Langileak kexu zeuden, enpresak ez baitie zuzenean jakinarazpena eman, ezta telefono dei bat egin ere.
Felix Espelosin, Langileen Batzordeko presidentearen erranetan, “ezin da ulertu Nafarroako Gobernuak 47 kaleratze hauek baimentzea, enpresa erabat saneatua baitago, makina berriak ditu, zorpetze maila 2002ko %73tik, guziz bideragarria den 2008ko %26ra jautsi baitu”. Horretaz gain, bezerorik handienak martxotik aitzinera eskariak egiteko asmoa duela ere jakinarazi zuten langileek.
Funverako langile kanporatuen artean, kasurik mingarrienak familia bereko bi kide kaleratuak izan direnean gertatu da. Bi anai bikote eta lantegian 30 urte zeramazkin Donamariako Joxe Mari Lasaga eta honen semea, Iker Lasaga dira horren adibide. “Enpresak sentsibilitatea pixko bat izanen balu, bietako bat lanean mantenduko luke” zioten langileek. Langile hauek legez izan dezaketen kalteordainik ttikiena jaso dute, lan egindako urteko 20 egun, baina gehienez 18 urte ordaintzen dituzte. Hau da, lanean 30 urte eman dutenek 18 egin dutenek bezalaxe kobratu dute.
Greba mantentzeko borondatea adierazi zuten langileek: “Burua makurtuta lanean ixil-ixilik hastea nahi du zuzendaritzak, baina langileen eta lantegiaren etorkizuna zein izanen den adierazten ez digun  bitartean, greban segituko dugu” zioten.

Saveran ere kezka

Saverako langileek ere batzarra eta ordubeteko geldialdia egin zuten ortzegunean Funverakoekin elkartasunean. Saveran ere egoera ez da xamurra. Lantegiko 132 langileak, 55 urtetik goitikoak eta zuzendaritzakoak izan ezik, EREan daude. Joan den urteko martxoan izan zuten lehena eta bigarrena azarotik maiatza bitarte izanen dute. Tarte horretan, hilabetean astebetez langabezira joaten dira, produkzioa %70ean baitute. Gainera, enpresatik jakinarazi dutenez, epe hau bukatzen denean kaleratzeak ere gertatzen ahal dira, produkzioaren arabera. Langileen Batzordeko Manuel Agirrek aipatu digunez, “enpresak eskuartean dituen datuen arabera, lantegiak aitzinera segitzeko urtean 25.000 Tonako guttieneko produkzioa beharko luke. Produkzio horrekin 52 langile kaleratuko lituzke; 30.000 Tonako produkzioarekin 40 langile eta horren arabera, zenbat eta produkzio gehiago izan langile gehiago beharko lituzke”. Funverako langileek egin duten borroka goraipatu zuten Saverakoek ere. Momentuz, lantegi barneko mobilizaziorik ez dute aurrikusi, baina eskualdean egiten direnekin bat eginen dute, “Baztan-Bidasoalde guzia baitago arriskuan”.


NaBaik Roigen agerraldia eskatu du

Bien bitartean, NaBai talde parlamentarioak ere, Jose Maria Roig Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Lan Departamentuko kontseilariaren agerraldia eskatu du parlamentuan. NaBairen ustez, Gobernuak Funverako EREa onartzeak ez du inolako arrazoirik eta justifikaziorik, “azken urteetan irabaziak izan baititu, baita 2008an ere, krisian murgilduak ginenean dagoeneko”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun