Berako Herriko Etxeak elkarlan hitzarmena sinatu zuen urtarrilaren 13an Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuarekin, CRANA (Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroa) erakundearen bidez. Nafarroako bertze sei herrirekin batera, 2010ean uraren eta erreken kudeaketa jasangarria bultzatzeko ekimenak eginen dituzte Beran. 100.000 euroko finantziazioa eskaintzen duen Europako Sud’eau proiektuaren baitan sartzen da ekimena eta herrietan ura aurreztea edo erreken egoera hobetzea bilatzen du.
Berari dagokionez, Josu Iratzoki alkateak aipatutakoaren arabera, “seguruenik erreka bazterrak berreskuratuko ditugu edo erreka ondoko pasealekuak eginen dira. Ikerketa batek erranen digu errekaren zein eremutan lan egiten ahal dugun, baina Bidasoan, Zian edo Xantelerrekan izan daiteke”.