Berako Udalak udal eraikinetatik sinbolo erlijiosoak kenduko ditu hamabortz egunez

TTIPI TTAPA 2010eko urtarrilaren 12a

Berako udalak ahobatez onartu zuen udal eraikinetatik sinbolo erlijiosoak kentzeko Aralarrek aurkeztutako mozioa.
Mozioak zioenez, “gizarte akonfesional batean bizi bagara ere, oraindik urratsak eman behar dira gizarte laiko baterako bidean. Pertsona guztien eskubideak errespetatzeko beharra dago, eta horretan, instituzio ezberdinek dugu zeregina. Lege desberdinek aitortzen dute erlijio askatasuna, eta administrazio publikoei dagokigu askatasun hori bermatzea. Erlijio praktikak eremu pribatura mugatu behar dira. Gizarte akonfesional batean administrazio publikoek ezin dute inolako atxikimendu edota laguntzarik eskaini inongo erlijio adierazpeni”.

Sinismenak eta erlijio-praktikak eremu pribatura mugatu behar direla uste du Berako Udalak, eta hortaz, eremu publikoan edozein erlijiotako sinbolo kentzeko bideak paratu behar dira. “Oraindik arrunta da eraikin publikoetan sinbolo erlijiosoak ikustea –dio onartutako mozioak–. Kontuan hartu behar da, gainera, horietako anitz “ohituraz” Egon izan direla eraikin horietan, eliza eta estatua bat ziren garai beretik, eta erlijio katolikoa erlijio “bakarra” zen garaietatik”. Gaur egun, gure gizartea anitz aldatu da, eta “erlijio kristauaz gain bertzelako erlijioak zein sineskerarik gabeko pertsonaz osatua dago gure herri”a. Errealitate guzti horiekiko errespetuagatik, eremu publikotik irudi erlijioso guztiak kentzeko beharra inoiz baino nabariagoa da, Berako Udalaren ustez.
Horregatik, Berako Udalak edonolako sinbolo erlijioso kenduko du udal eraikin guztietatik hamabortz eguneko epean: gurutzeak, saindu eta amabirjinen irudiak, edota bertzelako ikur eta irudiak.
Berako Udalak lan eginen du eremu pribatuan herritar guztien sineskerak errespetatuak izan daitezen, eta eremu publikoan laizismoa bultzatuko du.
Ahobatez onartu ez zen puntu bakarra, erabakiaren berri bando bidez eta komunikabideetan ematea izan zen. Aralar horren alde zegoen, baina alkatea eta bere taldeko zinegotziak, EA eta PNVkoak abstenitu egin ziren. Beraz, erabaki honen berri emanen zaie udal eraikin guztietako arduradunei, komunikabideei eta herritarrei, ohiko bideak erabiliz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun