Giro ederrean joan zen Arantzan Mendi Mutilen Besta

TTIPI TTAPA 2010eko urtarrilaren 7a

Errege Egunean, garai bateko ospakizuna berreskuratu zuten Aterpen

2001 urtean egin zen azken aldiz Arantzan Mendi Mutilen besta. XX. mendeko bigarren hamarkadan, Pirinio edo Alpeetan lanean aritutako herriko gazteak Eguberrietan bueltatzen ziren sorterrira, negua hemen pasatzera. Errege Eguna izaten zuten elkarrekin bazkaldu eta besta egiteko eguna. Zenbait urtez galduxea egon zen ohitura eta 1984ean berreskuratu zuen Aterpeko Lucio Zugarramurdik. Honela, 2001 urtera arte urtero egin zen. Baina dagoeneko mendi mutilik ez zelako edo, ohitura galdu egin zen. Kasik hamar urte beranduago, berriz ere Mendi Mutilen Besta egin zuten Errege egunean. Goizean, Larretxea aita-semeen, Donato eta Oihanen arteko apustua ikusi zen. Zaharrak abantailatxoa eman zion gazteari, baina halere garaile atera zen. Sebastian Lizaso eta Andoni Egañak bertso bidez eman zuten mendi-mutilen bizipenen berri eta behin Aterpera bilduta, 80 bat argazkiz osatutako erakusketa dotorea ikusteko aukera izan zuten. Jakina, garai hartan ez zen inor argazki kamararekin joaten basoko lanera, baina Esteban Irigoien apezak bisitatzen zituenean berekin eramaten zuen, eta gehienak berak ateritakoak ziren. Garai bateko mendi mutilek hunkiturik ikusi zituzten orduko argazkiak, bizipenak berritzen zituzten neurrian. Aterpeko bazkarian 80 bat lagun bildu ziren, mendi-mutilak batzuk, giro ederrean bazkaltzeko eta garai hartako kontakizunak aditzeko gogoz bertze batzuk. Lizasok eta Egañak ere ederki goxatu zuten bazkalondoa. Giro ederrean joan zen besta eta seguru heldu den urtean ere segida izanen duela!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun