Txistularien topaketa

Nerea ALTZURI 2010eko urtarrilaren 7a

ttipi-ttapa

Joan den abenduaren 12an eskualdeko 25 ttunttunlari bildu ziren herrian, topaketaren bortzgarren edizioa txistu soinuz hornitzeko. Beratarrak, lesakarrak, baztandarrak, iruindarrak eta bertakoak bildu ziren. Goizean, 11:00 aldera hasitako lehenengo karrika itzulian, plazatik abiatuz eta Osiña eta Goienburu auzoetan barna pasatuz inguruak alaitu zituzten. Ondotik, zortzi zortzikalarik herriko Zortzikoa eta hiru bueltako Mutildantza dantzatu zituzten plazan. Bigarren karrika buelta plazatik hasi eta eliz ondotik Petrisenean barna joan zen eta handik Larreta auzoa hartu zuten txistulariek. Tartean, Aterpen hameketakoa izan zuten. Plazara itzuliz, Juan Miguel Biurrarena Almandoz Ixkiboko txistulari eta txistugile zenari buruzko informazioa nahiz gure artean ez dauden nola gaur egun txistua eta atabala jotzen dutenen argazkiak ikusgai egon ziren Gorapean. Aspaldi eta berriki ateratako argazkien bildumatxo bat izan zen. Eta bilketan lagundu diguten guztiei eskerrak emateko probextuko dugu tartetxo hau. Goizari akabera emateko Pabloenean bazkaria izan zen. Bazkalostea luze joan zen eta txistua barrenean nahiz kanpoan jotzen aritu ziren txistulariak. Gainera, txistua jotzeko gogoarekin gelditu ziren batzuk… Aranztarrek Bera aldera pasatu zuten lekukoa heldu den urteari begira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun