Udaleko Garapen Batzordea desagertarazteko arrazoiak galdetu zituen Oninek eta horri erantzunez emandakoen artean, “lortutako emaitzak ez direla erakutsi nahi digutena bezain bikainak” erran zuen alkateak. Horren adibidetzat, Agiñako lanetan udalak Nafarroako Gobernuaren espedientea jaso duela adierazi zuen Juan Fermin Mitxelenak, “21 pago eta 14 urki baimenik gabe moztu zirelako” eta “inauguratu zenetik inork erabili ez duen aparkaleku bat eraiki zen”. Burdinaren Etxearen gastuak aipatuta “lokal horren egoera berriz ere planteatu beharko dugula” ere erran zuen. Baina Mugikortasun Mahaiak egindako lanari alkateak egindako kritikak izan ziren zorrotzenak. Bere erranetan, aparkatzeko arazoek berdin segitzen dute eta seinalizazio berriarekin, “bi gauza lortu dira, jende gehiena debekatutako noranzkoan ibiltzen da horrek dakarren arriskuarekin eta urtean, Lesakako karriketan barna 45.000 kilometro gehiago egin beharko dira toki berera joateko, auto berekin”. Batez ere Kattu aldetik plaza edo Bittiria aldera eta lehengo hiltegiko aparkalekutik Onin errekaren eskuinaldeko edozein tokitara joateko ibilgailuek egin beharreko bidea eta ibilgailu kopurua kontuan hartuz egindako ikerketa hartu zuen oinarri alkateak kopurua emateko. “Aldaketa honekin –zioen alkateak– ez zaio inori mesede egiten, erregai gehiago gastatzea eta soinu eta kutsadura handiagoa sortzea ekartzen du eta istripuak izateko arrisku handiagoa”. Garapen Batzordeak kudeatzen zituen bertze hainbat gai bertze batzordetan landuko direla aipatu zuen batzarrean alkateak eta kirol eta kultur batzordeak berriz ere batean biltzea defendatu zuen. Oninen ustez batek bertzearen ez dute zerikusirik, baina PNVren erranetan “afizionatuen kirola, berez, kultura da eta hori bereiziz, kirolari nolabaiteko profesionaltasun-kutsua ematen zaio”.