Sarraiako meategiak. Burdinaren bideak Bidasoan zehar izeneko erakusketak itxi ditu ateak, eta norbaitek ikusterik izan ez badu, pena, interesgarria izan baita. Abenduaren 11n egin zen inaugurazioa eta bisita gidatua, Nahia Senper herriko arkeologoaren eskutik. Hain zuzen, erakusketa egin duen Larrate Zerbitzu Kulturaleko kide da Nahia Senper eta Sarraia inguruan egindako indusketen berri eman zuen. Erakusketa Udalak antolatu zuen, Cederna-Garalur erakundearen laguntzarekin. Udala izan da, halaber, Sarraiako meategietako indusketa arkeologikoak bultzatu dituena eta han egindako lana, Sarraiako meategien azalpen historikoa eta Beran izan zen Montoiako portuaren eta trenaren inguruan erakusketa izan zen erakusketan ikusi ahal izan zena, guztia burdinaren inguruan. Senper bere unibertsitateko tesia oinarri hartuta aritu da indusketa lan hauek egiten. Oiasso-Pompaelo erromatar bidearen aztarnak aurkitu nahi lituzke eta bere ustez, bide hori gure ingurutik pasako litzateke. Lan horren baitan, Sarraiako meategiak aztertu ditu. Indusketa arkeologikoan meategietan erabiltzen zen bagonetaren aztarnak topatu ditu, baina bertze gauza handirik ez. Halere, meateagi hauen inguruko dokumentazioa Erdi Arotik badela adierazi zuen. Sarraiako meategien inguruan ez ezik, meategi horretako burdin eta bertze hainbat produktu Hondarribiara eramateko eta Hondarribiatik Berara arrain freskoa eta gazitua ekartzeko erabiltzen zen Montoiako portuaz ere aritu zen, baita berriagoa zen trenbideaz ere. Portuaren inguruan lan egiteko borondatea azaldu zuen Senperrek, beti ere Udalaren laguntza lortzen badu. Josu Iratzoki alkateak borondatea bai, baina dirua falta dela aipatu zuen. Ikusi beharko!