Nafarroako Gobernuak urtarrilaren 4ean hartutako erabakian, Funverako 47 langileren kaleratzea eta gelditzen direnentzako, abenduaren 31 bitarte 117 eguneko suspentsio EREa baimendu du. Langile Batzordeak erabaki honen kontrako jarrera agertu du, “lotsagarria baita Nafarroako Gobernuak 2009an aurkeztu zaizkion EREen %99a onartu izana”.
Funverako langileek gogorarazi dutenez, abenduaren 30ean Nafarroako Parlamentuko ordezkaritza batekin eta talde guziekin bildu ziren. Langileek eramandako informea eta dokumentazioa aztertu ondotik, eskatutako 55 kaleratzeak onartzeko arrazoirik ez zela adierazi eta babesa eskaini zieten langileei. Horretaz gain, Roig kontseilariari bere kezka jakinarazi eta espedientea zorrotz aztertzea eskatuko ziotela aipatu zuten. Baina espedientea ongi aztertu eta moldatzeko urtarrilaren 7a bitarteko epea izanik, bileraren biharamonean, abenduaren 31n sinatu zuen kontseilariak 47 langileren kaleratzea ekarriko lukeen espedientea. Funverako langileek ohar bidez aipatu dutenez, “kezkagarria da kasuen %99an Gobernuak enpresarioen alde posizionatzea eta Nafarroako langileak babes gabe uztea. 2010ean lanpostuak sortzeb eta langabezi-tasa jausten saiatuko direla diote, baina dagoeneko badiren lanpostuak desagertarazten ari dira”. Langileen ustez, Funverak ez du inolako arazorik 142 lanpostuak mantentzeko, “15 milioi euro baititu berezko funtsean eta bertze 11 milioi euroko irabaziak azken 5 urteetan”.
Egoera honen aitzinean, langile guziak elkarrekin daudela eta 2009ko abenduaren 2an hasi zuten grebarekin segituko dutela jakinarazi dute, enpresak egoera zuzendu eta baimendutako 47 kaleratzeak ez gauzatzeko.