Etengabeko argi-mozketak salatu ditu Bortzirietako EAk

TTIPI TTAPA 2009ko abe. 30a, 13:59

Bortzirietako Eusko Alkartasunak “zonaldean etengabe ematen ari diren argi-mozketa intermitenteak” salatu ditu prentsa ohar baten bidez. EAren erranetan, “eguraldiaren edozein gorabeherarekin, haizea dela, euria dela, elurra dela… argi-mozketa intermitenteak gertatzen dira eta segundu gutti batzuetakoak badira ere, eragozpen larriak sortzen dizkiete inguruko bizilagunei”.
Lehendik ere egoera salatu duela gogorarazi nahi izan du Eusko Alkartasunak eta horregatik, “behin betikoz egoera honekin bukatzeko soluzio bat ematea” eskatu diote Iberdrolari.  Nafarroako Gobernuari ere, bere esku dauden ekintza eta presio guziak erabiltzea eskatu dio, “honetan ere Bortzirietako bizilagunak ez gaitezen diskriminatuak egon”.
Gainera, Etxalarko kasuan, “Herri Taldeak arazo honen aitzinean duen pasibitatea” salatu nahi izan du, “argi-mozketak gerta ez daitezen Iberdrolari inolako presiorik ez egiteaz gain, Etxalar-Herrigunea transformadore orokorraren modernizazioa eta desplazamendu gastuak ere ez dizkiolako Iberdrolari ordainarazi”. EAren arabera, “honek 45.000 euro baino gehiagoko gastua eragin dio Etxalarko herriari eta Herri Taldeak ez du inolako presiorik egin enpresa horrek, bere aktiboari dagokion hobekuntza horren gastua bere gain har dezan”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun