Kondendiaga eta Lizuniaga arteko Kaprio ehiza eremuan kokatua dagoen Berako Madaria, moztu egin zuten Nafarroako Gobernuak Monumentu Natural izendatu baino astebete lehenago. Hain zuzen, Gobernuak abenduaren 1eko Foru Dekretu baten bidez Nafarroako 47 zuhaitz edo zuhaizti berezi izendatu zituen Monumento, tartean Berako Udareondoa, eta abenduaren 23ko Aldizkari Ofizialean agertu zen izendapena. Halere, izendapena ofizial egin orduko, hilabete baino gehiago zeraman udareondoak moztuta.
Mozketa honek haserrea sortu du Beran. Madariondoak 130 urte inguru zituen eta ehiza inguruan kokatua zegoenez, ehiztariren bat izan ote den susmatzen da. Zuhaitzak ez du “trabarik” egiten ehiza denboraldi arruntean, baina kontrapasa garaian, Bera aldetik heldu diren usoak ikustea oztopatzen du. Azaroaren 20an uso aunitz pasatu ziren eta egun horretan zuhaitzak “sortutako eragozpenak” bere heriotz-zigorra eragin zutela uste da, biharamonean moztua agertu baitzen. Halere, ehiztari aunitz haserre agertu dira ekintza honekin. Gertakariaren biharamonean, Berako mendizainak eskualdekoa jakinaren gainean jarri zuen eta afera Nafarroako Gobernuaren gain jarri zuen. Nafarroako Gobernutik argazkiak ateratzera eta datuak biltzera etorriko zirela adierazi bazuten ere, oraindik ez da inor agertu.
Udalak ere esku hartu du aferan eta jakinaren gainean jarri du Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzua, Ramontxo Elgorriaga mendi zinegotziak aipatu digunez, “behar diren neurriak har ditzaten”. Elgorriagak “basakeriatzat” jo du ekintza. “Ez da errudunak bilatzeagatik, baina argi dago zuhaitzak norbaiti kalte edo traba egiten badio ehiztariei dela”.
Berako udal talde guziak harrituak gelditu dira gertatutakoarekin eta jendearen kontzientziazio beharra azpimarratu zuten. Ramontxo Elgorriagaren ustez, gertakaria “hagitz larria da, Monumentu Natural bat moztea izugarria da. Eguberrietan plazako pinua bota eta denek eskuak burura eramaten dituzte eta honelako zerbait gertatzen denean, naturan aunitzez inpaktu gehiago duena, badirudi ez dela deus gertatzen, arbol bat bertzerik ez dela dioenik ere bada”.