«Etorkizun duinaren alde, Baztan Bidasoa bizirik» lelopean manifestazioa deitu zuten eskualdeko LAB eta ELA sindikatuek abenduaren 26an. Inguruko hainbat alkate eta hautetsiren babesa ere jaso zuen eta ehunka lagunek egin zuten Zalaingo lantegiaren eta Berako Herriko Etxearen arteko bidea. Hain zuzen, Condesa taldeko Zalain Transformados da egoera itogarrian dagoen lantegietako bat, heldu den urterako ere EREa iragarri baitute zuzendaritzatik. Ibilbidea Alkaiagako industrialdetik pasatu zen eta Berara sartu zen Estazioko zubitik, Funveratik hurbil. Lantegi honetako langileen kezka oraindik handiagoa da. Abenduaren 23an Industria, Berrikuntza eta Lan Departamentuan bildu ziren zuzendaritzarekin eta langileen ustez, «bilerak ez zuen deustarako balio izan» eta egun horretan bukatzen zen kontsulta-epea inolako akordiorik lortu gabe itxi zen. Langileek salatu dutenez, «zuzendaritzak ez du batere aldatu hasierako proposamena eta 55 kaleratzeei tinko eutsi die eta izen-abizenak ere jarri dizkie». Langileen batzordetik, 55 urtetik goitikoentzako 23 aurrejubilazio proposatu zituzten, baina enpresak ezezkoa eman du, ez dituen 3 milioi gostako litzatekeelako. Hau gezurra da abenduaren 2az geroztik greban dauden langileen erranetan, «azken bortz urteetan 11 milioi euroko irabaziak izan baititu enpresak, 5 milioi eurotik goitiko laguntzak eta 2 milioi eurotik goitiko dirulaguntzak eman dizkio Nafarroako Gobernuak, diru publikoarekin».
Beran bildutako langileek ERE gehiagorik ez onartzeko eskatu zioten Nafarroako Gobernuari, izan ere joan den urtean aurkeztutakoen %99a onartu baitzituen. Langileak ez direla zenbaki hutsak, pertsonak baizik ere gogoratu behar izan zuten. Funverako langileek greban segitzen dute eta abenduaren 30ean berriz ere Iruñera joatekoa da langileen ordezkaritza.