Etxerat-ek Espainiako eta Frantziako kartzeletan euskal preso politikoek bizi duten egoeraren inguruko kezka larria agertu nahi izan du asteazken goizean Lesakan egindako agerraldian.
Presoen senideak biltzen dituen erakundeak aipatu duenez, “euskal preso politikoen %99a beraien etxetik ehunka kilometrora sakabanatua dago. Sakabanaketa politikak presoak urruntzea eta isolatzea dakar. Honez gain, azken 20 urteotan sakabanaketa politikak hamasei senide edo lagun hil ditu. Bortzirietako presoak ikusteko astero 10.000 kilometrotik gora egin behar izaten ditugu.
Gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoak espetxean mantentzen dituzte. Legearen arabera kalean egon beharrean, minbizia edo gaixotasun psikologiko larriak dituzten presoak kartzelan jarraitzen dute”.
Etxerat-ek adierzaitakoaren arabera, “zigorra betea duten euskal preso politikoak espetxean mantentzen dituzte. Biziarteko kartzela zigorrak ezarri dituzte, hamar urte luzatuz lehendik betetako kondenak”.
Gaixotasun larriak dituzten eta zigorra betea duten presoen kaleratzea ere aldarrikatzen du Etxerat-ek: “Eskubide guzien jabe euskal presoak Euskal Herrira ekartzea”.
Azken hilabetetan elkartasuna bera ere jazarria eta zigortua izaten ari dela ikusi du Etxerat-ek. “Kaleetatik persoen erralitatea desagertarazi nahi dute, kartzeletan preso eta senideen arteko harremanak oztopatuz, isolamendua areagotu eta beraiekiko maitasuna ito nahi dute. Euskal presoekiko elkartasuna eta babesa erabat zilegiak direla aldarrikatzen dugu”.
Guzi hau kontutan hartuta, urtarrilaren 2an Bilbon eginen den manifestaldi nazionalean parte hartzera ere dei egin dute.
Aurrez aurreko hainbat bisita galduak
Bortzirietako presoei dagokienez, Jaenen dagoen Mattin Sarasolak eta Puerto de Santamarian dagoen Joseba Iturbidek bina aurrez aurreko bisita galdu dituzte. Iñaki Fagoagak ere bertze bi eta Kordoban dagoen Igor Portuk hiru, senideak ez dutelako bixitara sartzeko biluzteko agindua onartu. “Segurtasunagatik baino, senideak umilatzeagatik eta presoekiko elkartasuna zigortzeagatik” egiten dutela diote. Oraingoz, Ainara Fresnedak, Imanol Larrañagak eta Mikel San Sebastianek ez dute bisitarik galdu, ez baitiete senideei horrelako neurririk ezarri.
Eguberrietako ekitaldiak
Eguberriek begira zenbait ekitaldi eginen ditu Etxerat-ek. Honela, abenduaren 24ean presoen aldeko olentzeroa aterako da Lesakan eta Eguberri egunean, hilabeteko azken ortzirala denez, ohiko elkarretaratzea eginen dute. Urtezahar egunean, azkenik, Giza Katea eginen da.