Funverako langileak Iruñeko Lan Departamentuan izan ziren asteartean, abenduaren 18tik 22ra Berako Kultur Etxean egin duten itxialdia bukatu ondotik. Iruñean, enpresako zuzendaritzak proposatzen dituen 55 kaleratzeak ez onartzea eskatu zioten Nafarroako Gobernuari. Langileen ustez “hau neurriz kanpokoa da”, lan-eskaria hobetuko dela uste baitute eta enpresak aitzineko urteetako irabaziak dituelako ondaretzat.
Felix Espelosin Langileen Batzordeko presidenteak adierazi zuenez, “enpresak 2009ko apirilean 195 eguneko EREa eskatu zuen eta 105 bakarrik erabili ditu, lana ailegatu delako. Eta orain kaleratzeak proposatzen ditu, Segurtasun Soziala aurrezteko, hori baita orain ordaintzen ari den gauza bakarra”. Enpresak produkzioaren %95a esportatu egiten duenez, egoera hurrengo hilabetetan hobetuko dela uste dute langileek, “krisi ttiki batean gaude, baina pasatuko da, baina enpresak aurrikuspen guziak jautsi egin ditu, Gobernuak EREa onar dezan”.
Asteazkenean, enpresako zuzendaritza eta langileak berriz ere biltzekoak dira Gobernuaren aitzinean.
Langileen Batzordetik adierazitakoaren arabera, azken urtetan enpresak 11 milioi euroko irabaziak izan ditu eta nahiko diru badu 55 urtetik goitikoei aurrejubilazioak eskaintzeko. “Baina kaleratzeen EREa onartuko balitz –diote langileek– enpresa egoera kritikoan geldituko litzateke.
Zalaingoak ere
Funberako Langileen Batzordea ez ezik, Condesa taldeko Zalain Transformados lantegikoa ere Nafarroako Gobernuarekin bildu da. Maiatzaren 19tik denbora bateko EREan daude langileak. Hauen ustez diskriminatorioa da EREa, “zenbait langile ez baitira kasik egun bakar batean ere lanera joan”. Gainera, heldu den urterako, 300 langileetatik ehun baino gehiago kaleratzeko asmoa omen du enpresak.