Lesakako Udaleko Garapen Batzordea desagertarazteko eta arrazoiak galdetu zituen Oninek eta horri erantzunez emandako arrazoien artean, “lortutako emaitzak ez direla erakutsi nahi digutena bezain bikainak” erran zuen alkateak. Horren adibidetzat, Agiñako lanetan udalak Nafarroako Gobernuaren espedientea jaso dela adierazi zuen Juan Fermin Mitxelenak, “21 pago eta 14 urki baimenik gabe moztu zirelako” eta “inauguratu zenetik inork erabili ez duen aparkaleku bat eraiki zen”. Burdinaren Etxeak sortu dituen gastuak aipatuta “lokal horren egoera berriz ere planteatu beharko dugula” erran zuen. Baina Mugikortasun Mahaiak egindako lanari alkateak egindako kritikak izan ziren zorrotzenak. Bere erranetan, aparkatzeko arazoek berdin segitzen dute eta seinalizazio berriarekin, “bi gauza lortu dira, jende gehiena debekatutako noranzkoan ibiltzen da eta urtean, Lesakako karriketan barna 45.000 kilometro gehiago egin beharko dira toki berera joateko, auto berekin”. Batez ere Ote karrika aldetik Bittiria aldera eta lehengo hiltegiko aparkalekutik Onin errekaren eskuinaldeko edozein tokitara joateko ibilgailuek egin beharreko bidea eta ibilgailu kopurua kontuan hartuz herritar batek egindako ikerketa xumea hartu zuen oinarri alkateak kopuru hori emateko. “Aldaketa honekin –zioen alkateak– ez zaio inori mesede egiten, erregai gehiago gastatzea eta soinu eta kutsadura handiagoa sortzea ekartzen du eta istripuak izateko arrisku handiagoa”. Garapen Batzordeak kudeatzen zituen bertze hainbat gai bertzelako batzordeetan eginen direla aipatu zuen batzarrean alkateak eta 2003an bitan banatu ziren kirol eta kultur batzordeak batean biltzea ere defendatu zuen. Oninen ustez batek bertzearen ez dute zerikusirik, baina PNVren erranetan “afizionatuen kirola, berez, kultura da eta hori bereiziz, kirolari nolabaiteko profesionaltasun-kutsua ematen zaio”.