Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hiru puntuko aldea bertzerik ez zioten ateri Linddurrenborda sagardotegiko afarian Altzuriterrak taldeari
Bortzirietako Bertso eskolak hamekagarren aldiz antolatutako taldekako bertsolari txapelketa asteburu honetan jokatu da. Bertso Eskolaren urteko besta handia izan ohi da txapelketa hau, Nafarroako txapeldun izandako edo plazaz plaza dabiltzan bertsolariekin batera, guttixeago trebatutakoak eta sekulan taula gainean aritu gabeak nahasten baitira. Aurtengoan, 24 bertsolari aritu dira, zortzi hirukotetan banatuak. Bertsolariez gain, kanporaketa guzietan aritzen diren trikitilariak, gai-jartzaileak, epaileak eta gainerako laguntzaileak ere bertso eskolako kide dira.
Ortziral arratsean egin ziren bi lehen kanporaketak Berako Espidobaita elkartean. Lehenbizikoan Ittundarrak taldea (Alazne Untxalo eta Iker eta Egoitz Gorosterrazu anaiak) gailendu zitzaion Beratarrak taldeari (Julen Zelaieta, Patxi Castillo eta Asier Saragueta). Bigarrenean, Altzuriterrak taldea (Iban Garro Altzuri eta Josu Sanjurjo Altzuri lehengusuak eta Xabi Terreros) irabazi zion Renaul Nabazitturri taldeari (Juan Mari Lopez, Ander Fuentes Itturri eta Jon Silveira).
Larunbatean, Kattuko bazkalondoan jokatu zen hirugarren saioa. Aro(t)zenatarrak taldeak (Manolo aita, Aitor eta Estitxu seme-alabekin irabazi egin zion Baztan taldeari (Bittor eta Amaia Elizagoien aita-alabak eta Iñaki Aleman) eta Zialdoko laugarren kanporaketan Nixkak taldea (Garaxi Taberna, Ioar Tainta eta Maddiane Txoperena) Istorikoak taldeari (Iñigo Olaetxea, Estitxu Fernandez eta Egoitz Telletxea) nagusitu zitzaion.
Honela, finalerdien txandan, Haizeguan Aro(t)enatarrak taldeak lortu zuen finalerako lehen txartela Ittundarrak taldeari irabazita eta Atxaspin, Altzuriterrak taldeak irabazi zien Nixkak taldeari.
Honela, Linddurrenborda sagardotegiko afari jendetsuaren ondotik jokatu zen finalean, iaz bezala, Aro(t)enatarrak taldea nagusitu zen, baina hiru puntuko aldea bertzerik ez zion atera Altzuriterrak taldeari, saio polit batean.
Espidobaita elkarteak bertso onenari emandako Kotto Saria, aurten txapelketan debutatu duen Maddiane Txoperenarentzat izan zen. Sari berezi bakarra izan zen, txapelketa honetan ez baita txapelik izaten eta partehartzaile guziak sukaldeko mantala banarekin joan zen etxera ordu ttikietan.
Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.