Etorkizun duinaren aldeko manifestazioa deitu dute Baztan-Bidasoako ELA eta LABek

Aitor AROTZENA 2009ko abe. 21a, 14:42

Abenduaren 26an eginen da Beran eta Funverako langileek itxialdian segitzen dute

Zalaingo Condesa lantegiraren egoera eta orokorrean eskualdeko lantegiaren egoera salatzeko manifestazio deialdi bateratua egin dute Baztan-Bidasoako LAB eta ELA sindikatuek abenduaren 26rako, “Etorkizun duin baten alde, Baztan Bidasoa bizirik” lelopean. Larunbat goizeko 11:00etan abiatuko da manifestazioa Zalaingo lantegitik eta Berako Herriko Etxeko plazaraino joanen da. Astelehen goizean eman dute manifestazioaren berri ELAko Jose Mari Arribillaga eta LABeko Koldo Saenzek, Zalaingo, Funverako eta bertze zenbait lantegietako langileak ondoan zituztela. Sindikatuetako ordezkariek beraien kezka agertu dute eskualdeko egoera sozio-ekonomikoaz, eta Nafarroako Gobernuak aurkeztu zaizkion EREen %98a onartu duela salatu dute. Funverako langileak itxialdian Bertze aldetik, Funverako langileek Berako Kultur Etxean egiten ari diren itxialdiarekin segitzen dute. Asteartean, abenduaren 22an akautuko dute itxialdia goizeko 10:00etan eta segidan Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuko ordezkariekin bilduko dira Iruñean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun