Urte osoan aritu da Igantziko Abesbatza XX. urteurreneko ekitaldiak antolatzen. Gauzak hobeki zehazteko, parrokiako abesbatza soil bat izatetik errepertorio zabalago batekin eta bertze funtzionamendu batekin hasi zirela ospatzen ari dira. Hori zuzendaria aldatu zelarik gertatu zen, 1989an, orduan herriko apailza zen Batixta Iratzokik Igantzi utzi eta Leitzara joan zenean. Hortaz, orduz geroztik Isabel Lakar lesakarra ari da Igantziko Abesbatza zuzentzen.
Urte osoa ospatzen
Urteurreneko ospakizunak martxoan hasi ziren, Beteluko Abesbatzaren emanaldiarekin; erran bezala, Batixta Iratzoki da horren zuzendari. Hilabete berean herriak Berako Abesbatzaren bisita hartu zuen, Fátima Gonzálezen zuzendaritzapean. Ekainean Lesakako Abesbatzak emanaldia eskaini zuen, Marisol Pérez zuzendari. Azkenik, urriaren akabailan Giltzarri Abesbatzak kontzertua eskaini zuen; Isabel Lakar aritzen da horretan ere zuzendari lanetan.
Diru-bilketa berezia
Urte osoko ekitaldiak finantzatu ahal izateko, Igantziko Abesbatzak merkatua antolatu zuen maiatzaren 1ean, eta salgai jarri zituen herritarrek emandako produktuak eta tresnak. Arrakasta haundia izan zuen, eta abesbatzak aurreikusi baino diru hagitzez gehiago bildu zuen.
Ordurako Nafarroako Kutxan ere aurkeztua zuen bere urteurreneko proiektua, Zeuk aukeratu, zeuk erabaki programaren barrenean. Aipatu behar da horren bitartez ere herritarrek diru aunitz jarri zutela.
Dirua biltzeko bi bide horiek erabili dituzte, eta bietan ere dirua eman dutenak herritarrak izan direnez, abesbatzak esker ona adierazi nahi izan die.
Errioxara ateraldia
Ekainean abesbatzako kideak egun pasa joan ziren Arabako Errioxara, eta nahi zuten herritarrek ere parte hartu ahal izan zuten bidaia horretan. Goizean Biasterin izan ziren, bodega bat ikusten, eta, ondotik, Brionesen bazkaldu zuten.
Abenduaren 19ko emanaldi berezia
Ospakizunei akabaila emateko, abenduaren 19an, larunbatarekin, 20:00etatik aitzinera eta elizan, Igantziko Abesbatzarekin batera arituko dira urtean zehar herria bisitatu duten lau abesbatzak. Lehenik, abesbatza bakoitzak bi obra eskainiko ditu, eta ondotik, bortzek batera abestuko dituzte honako kantu hauek:
• Crucifixus, Antonio Lottirena, zortzi ahotsetara eta Isabel Lakarrek zuzendua.
• Se equivocó la paloma, Carlos Guastavinorena, lau ahotsetara eta Marisol Pérezek zuzendua.
• Porrusalda kantu herrikoia, Javier Bustok armonizatua, lau ahotsetara eta Isabel Lakarrek zuzendua.
• Alfonsina y el mar, A. Ramírez eta H. De La Vegarena, lau ahotsetara eta Fátima Gonzálezek zuzendua.
• Mendirik mendi, Sabin Salaberrirena, lau ahotsetara eta Batixta Iratzokik zuzendua.
Bukatzeko, abesbatzak Eguberrietako zarea zozketatuko du, eta ondotik bost abesbatzetako kideek afaria izanen dute La Villa jatetxean.