Zalaingo langileek greba eginen dute zuzendaritzak aurkeztutako EREaren kontra

TTIPI TTAPA 2009ko abe. 17a, 13:05

Abenduaren 22 eta 23an huelga eginen dute eta bertze mobilizazioak iragarri dituzte

Condesa taldearen barrenean dagoen Zalain Transformados lantegiko langileek ez dute onartu zuzendaritzak heldu den urterako aurkeztutako ERE berria, “ez baitu inolako osagarririk ez eta transparentzia konpromisorik ere”.
Langileen Batzordeak ohar bidez jakinarazi duenez, oraindik orain aurtengo EREaren eragina somatzen ari dira: “suspentsio egunak modu arbitrarioan eta diskriminatzailean aplikatzen dira; langileek kontratua etena dute 7 hilabetez, horrek dakarren guziarekin edo langile eskasiarengatik modu kaxkarrean lan egin beharra, bertzeak bertze”.
Kontratu suspentsio egunak planfikatzerako orduan, zuzendaritzak ez du transparentzia mekanismorik ezta diskriminaziorik ez izateko mekanismorik kontuan hartu eta horixe da akordiorik ez lortzeko punturik garrantzitsuena, langileen arabera.
Langileen Batzordearen arabera, Zalaingo jabe diren Condesa taldeko nagusiak ez dira hartutako konpromisoak betetzen ari: “2005eko maiatzean Zalainerako adostutako Plan estrategikoan egin beharreko inbertsioak zehaztu ziren, funtzionatuko zuten instalazioak eta lana egiteko beharrezko izanen zen langilegoarekin. Gaurko egunean, instalazioak, inbertsioak nahiz langile kopurua, adostutakoaren azpitik daude”.
Aitzineko espedienteari langileek aurkeztutako alegazioak ez zituen onartu Nafarroako Gobernuak. Langileen ustez, Zalain Transformadosen emaitza kontuak aztertzerakoan, Condesa taldearen baitan dagoela kontuan hartu behar da, “bertzela iruzur larria egiten ari dira, Zalaingo eskari eta bezero aunitz Condesaren interesen arabera bertze lekuetara desbideratu zirelako”. Nafarroako Gobernuak nafarren interesen alde jokatu behar duela diote langileek, “eta ez patronalaren interesen menpe”.
Azaro hondarrean, Langileen Batzordeak agiri bat eman zion zuzendaritzari, Zalainen etorkizunerako plan baten negoziaziorako oinarriekin, baina zuzendaritzak ez zuen kontuan hartu. ERErako adostasunik ez dagoenez, mobilizazio egutegia prestatu dute langileek, Nafarroako Gobernuak bertze ERE bat aplikatzea onartu ez dezan. Oraingoz bi eguneko greba deitu dute abenduaren 22 eta 23an, dagozkion mobilizazioekin.

Funverakoak Lan Departamentuan
Bertze aldetik, Funverako enpresa batzordeko bi kidek eta Bidasoaldeko lau alkatek osatutako lan batzordea biltzekoa da abenduaren 17an, ortzegun goizean Iruñean, Jose Maria Roig Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuko kontseilariarekin. Bileran dauden bitartean, Funverako langileak departamentuaren kanpoko aldean izanen dira eta bilera bukatzerakoan egoera aztertuko dute. Gogoratu behar da abenduaren 2az geroztik greban daudela Funverako langileak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun