Bortzirietako bertso eskolak hamekagarren urtez antolatu duen taldekako bertsolari txapelketa asteburu honetan eginen da, ortziral arratsean Beran eta larunbat osoan Lesakan. Aurten ere 24 bertsolari ariko dira, zortzi hirukotetan banatuak.
Ortziralean, Berako Espidobaita elkartean 20.30ean eginen den berenduaren ondotik bi kanporaketa jokatuko dira. Lehenbizikoan, 21.15ean, Beratarrak taldea (Julen Zelaieta, Patxi Castillo eta Asier Saragueta) Ittundarrak (Alazne Untxalo eta Iker eta Egoitz Gorosterrazu anaiak) kontra ariko dira. Ittundarrek abenduaren 4ean lehen aldiz jokatu zen Malerrekako taldekakoan lortu zuten Bortzirietarako txartela. Ondotik, 22:30ak aldera, Altzuriterrak taldea (Xabi Terreros, Iban Garro eta Josu Sanjurjo) Renaul Nabazitturri taldearen kontra (Juan Mari Lopez, Ander Fuentes Itturri eta Jon Silveira) ariko da.
Larunbateko saio guziak Lesakan eginen dira. 14.00 etan bazkaria izanen da Kattun eta 15.30ean hirugarren kanporaketa saioa jokatuko dute Aro(t)zenatarrak taldeak (Manolo aita, Aitor eta Estitxu seme-alabekin) Baztan taldearen kontra (Bittor eta Amaia Elizagoien aita-alabak eta Iñaki Aleman). Laugarren kanporaketa 17.00etan jokatuk dute Zialdon Istorikoak taldeak (Iñigo Olaetxea, Estitxu Fernandez eta Egoitz Telletxea) Nixkak taldearen kontra (Garaxi Taberna, Ioar Tainta eta Maddiane Txoperena).
Behin lehen kanporaketak gaindituta, finalerdien txanda izanen da. Lehena Haizegoa ostatuan jokatuko dute 18.30ean Berako lehen saioko garaileek Kattuko kanporaketako irabazleen kontra eta bigarrena 20.30ean Atxaspin eginen da, Berako bigarren saioko eta Zialdoko saioko irabazleen artean.
Finala, gaueko 22.00etan Linddurrenborda sagardotegian eginen den afariaren ondotik jokatuko dute finalerdietako irabazleek.
Espidobaita, Kattu eta Linddurrenbordako otorduetan parte hartzeko izena eman behar da bortzibertso@gmail.com edo 618963011 telefono zenbakian.