Urte akaberak sentimendu gazi-gozoak biztuarazten dizkigu. Bertze urte bat akautzear da… Eguberri bezperetan gaude eta nahi edo ez, kanpoko argi eta hornidurek hori islatzen dute. Batzuentzat urteko bertze egunak bezalaxe dira; bertze batzuentzat ospakizun egunak... hutsuneak, berri onak… nahasten dira, baina urtero kronikatxo honetan aipatzen dudan bezala, arrazoi batengatik edo bertzearengatik gure artean ez daudenak gogoan. Kontuak kontu, Olentzerok opariak eta ikatza prest ditu… Zenbat opari banatuko dituen batez ere gure gaztetxoenen artean… (zenbat ikatz merezi duten heldu batzuek ere!!)
Eguberri bezperako arratsaldea sorpresaz betea izanen da herrian. Arratsaldean kantari ohiko kalejira eginen da ; gero guziak plazan bildu eta Olentzerori ongi-etorri eginen zaio. Gainera, badaezpada, Olentzerori gutuna bidalia badiozue ere, eraman bertze bat arratsalde hortan… Beharbada, Olentzerok muxu eta besarkada tartean eta gozokiak banatuz, gutunak bilduko ditu !! Hori bai, hori guzia, merendu baten inguruan, kantuz eta dantzatuz.
Baserritarrez jauntzi eta gabon atsaldean parte hartzeko deia egiten da herritar guziei!!
Errege eguneko besta
2001etik egin ez dena berreskuratuko da Errege Egunean. Aterpek berriz ere urtarrilaren 6ko ospakizuna berreskuratu du. Garai batean, 100 inguru mendi mutil izaten zen herritik kanpo mendi lanetan. Eguberrietan etxera etortzen ziren eta Errege Egunean aizkolariak eta Pabloenean bertso bazkaria egiten zen herrian zeudenaren seinale. Aunitzek mendiko lana utzi zuten eta besta urte batzuz ez zen egin.
1984an, Aterpe ireki eta hurrengo urtean berreskuratu zen besta. Zazpi bat mendi mutilek oraindik ere mendian lanean jarraitzen zuten eta elkartze besta antolatzea otu zitzaien. Aizkolarien erakustaldi eta bertso bazkari jendetsuak izan ziren eta harrera ona izan dute urtez-urte.
Bederatzi urte eta gero, berriz ere Aterpek besta antolatu du. Aurtengo ediziorako gainera, argazki erakusketa bat osatu nahi da eta norbaitek argazkirik izanez gero Aterpera jotzeko eskatu dute, baita bazkarian apuntatzeko ere, 948 634179ra deituz.
Bertzalde, urtarrilaren 6ko eguerdian, punta-puntako aizkolariekin erakustaldia izanen da; ondotik, Sebastian Lizaso eta Andoni Egañarekin herri bazkaria izanen da Aterpean. Egun paregabea lotu dute berriz ere Aterpekoek.