Abesbatzaren emanaldi berezia eginen da larunbatean

ttipi-ttapa 2009ko abenduaren 14a

XX. urteurreneko ospakizunei akabaila emanen die Abesbatzak

Urte osoan aritu da Igantziko Abesbatza XX. urteurreneko ekitaldiak antolatzen. Gauzak hobeki zehazteko, parrokiako abesbatza soil bat izatetik errepertorio zabalago batekin eta bertze funtzionamendu batekin hasi zirela ospatzen ari dira. Hori zuzendaria aldatu zelarik gertatu zen, 1989an, Batixta Iratzokik Igantzi utzi eta Leitzara joan zenean; orain Betelun dago, eta han ere abesbatza zuzentzen du. Hortaz, orduz geroztik Isabel Lakar lesakarra ari da Igantziko Abesbatza zuzentzen.
Urte osoa ospatzen
Urteurreneko ospakizunak martxoan hasi ziren, Beteluko Abesbatzaren emanaldiarekin; erran bezala. Hilabete berean herriak Berako Abesbatzaren bisita hartu zuen, Fatima Gonzalezen zuzendaritzapean. Ekainean Lesakako Abesbatzak emanaldia eskaini zuen, Marisol Perez zuzendari. Azkenik, urriaren akabailan Giltzarri Abesbatzak kontzertua eskaini zuen; Isabel Lakar aritzen da horretan ere zuzendari lanetan.
Urte osoko ekitaldiak finantzatu ahal izateko, Igantziko Abesbatzak merkatua antolatu zuen maiatzaren 1ean, herritarrek emandako gauzekin. Arrakasta haundia izan zuen, eta aurreikusi baino diru hagitzez gehiago bildu zuen.
Ordurako Nafarroako Kutxan ere aurkeztua zuen bere urteurreneko proiektua, Zeuk aukeratu, zeuk erabaki programaren barrenean. Aipatu behar da horren bitartez ere herritarrek diru aunitz jarri zutela.
Dirua biltzeko bi bide horiek erabili dira, eta bietan ere dirua eman dutenak herritarrak izan direnez, abesbatzak esker ona adierazi nahi izan du.
Errioxara ateraldia
Ekainean abesbatzako kideak egun pasa joan ziren Arabako Errioxara, eta nahi zuten herritarrek ere parte hartu ahal izan zuten bidaia horretan. Goizean Biasterin izan ziren, bodega bat ikusten, eta, ondotik, Brionesen bazkaldu zuten.
Emanaldi berezia larunbatean
Ospakizunei akabaila emateko, larunbatean, abenduak 19, 20:00etatik aitzinera eta elizan, Igantziko Abesbatzarekin batera arituko dira urtean zehar herria bisitatu duten lau abesbatzak.  Lehenik, abesbatza bakoitzak bi obra eskainiko ditu, eta ondotik, bortzek batera abestuko dituzte Mendirik mendi (Batixta Iratzokik zuzendua), Se equivocó la paloma (M. Perezek zuzendua), Porrusalda (I. Lakarrek zuzendua), Alfonsina y el mar (F. Gonzálezek zuzendua) eta Crucifixus (I. Lakarrek zuzendua). Ondotik, abesbatzak Eguberritako zarea zozketatuko du, eta, behar bezalako akabaila emateko, denek elkarrekin afalduko dute Baratzondon, La Villa jatetxekoek prestatu eta zerbitzatuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun