Lesakako eta Berako ur-hornidurarako konponbide bateratua emateko proiektuaren lehen fasea ongi aztertu eta Toki Administrazio Departamentuarekin eztabaidatu nahi du Udalak, ahobatez hartutako erabakian. Lehen fase horretan 1.600.000 euroko inbertsioa aurrikusi zen, eta %90eko dirulaguntza jasoko litzateke. Irailaren 30ean, artean Koldo Erkizia alkate zela, eta dirulaguntza galtzeko arriskuaz ohartarazita, ebazpena eman zuen: «Nafarroako zergetan parte hartzeko Funtsak ordaintzen ez duen inbertsio zatia finantzatzeko» konpromisoa hartu zuen Udalak, beti ere udalbatzaren onespenaren mende.
Onespen hori emateko batzarrean, Juan Fermin Mitxelenak adierazi zuen zuzena iruditzen zaiola Herriko Etxeak Berako ur-hornidura bermatzen laguntzea. Halere, «lan horien onuraduna Bera izanen bada ere, Lesakan egin beharko dira lan horietako gehienak», erran zuen eta bertze aldetik, trazatua hobetu beharko litzatekeela uste du. Horregatik, beharrezkoa jo zuen gaia Nafarroako Gobernuko teknikariekin batera aztertzea. Mitxelenaren akordio-proposamenaren arabera, Udalak bere zatia finantziatzeko konpromisoa hartuko luke, beti ere «modu proportzionalean, aurrikusitako kontsumoa aintzat hartuta». Horren aitzinetik, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuarekin eztabaidatzea eskatu zuen, «proiektuaren alderdi tekniko eta ekonomikoak hobetzeko».
«Etorkizunean lotuak»
Onin taldeari ez zitzaion egokia iruditu alkatearen proposamena, «etorkizunerako lotu gaitzakeelakoz». Egin nahi den obra hori lehen fasea bertzerik ez da eta Toki Administrazioko kontseilariak bilera batean errandakoaren arabera, gastua 5 eta 6 milioi euro inguruan ibiliko zen, guzira. Lan gehienak herriko lurretan egin, baina onuraduna Bera izanen dela ere ohartarazi zuen Udalak, Lesakak ez baitu hornidura-arazorik. Horregatik, herri bakoitzak zer ordaindu beharko lukeen ere galdetu zuen eta Toki Administrazioko Departamentuko proiektuaren arduradunekin ere bilera eskatu zuen Udalak.
Ebazpena Udalaren onespenaren mende dagoenez, Oninek ez du uste proiektua ongi ezagutu gabe onartzeko orain presaka ibili behar denik, «lehen faseak zer hartzen duen jakin gabe, eta gainera, Udalera ailegatu den plano bakarrarekin ados ez bagaude». Iraga eta Zelako errekek ez dutela emari handirik ikusi da, eta ez da ideia ona hortik ura hartzea, erreka horiek gehiago idortuko liratekeelakoz. Konponbidetako bat Iartza zentraletik ura hartzea izaten ahal da Oninen ustez, «horrek emari hagitz handia ez ezik, goitiago dagoenez ez litzateke ponpatu beharko«. Nabazen barna Zalain Zokora ura eramateari buruz ere zalantzak azaldu zituen Oninek.
Alkateak kontuan hartu zituen Oninen zalantzak eta Udalak ahobatez onartu zuen Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuarekin eztabaidatzen hastea, proiektuaren alderdi tekniko eta ekonomikoak aztertzeko.