Oskar TELLETXEA ‹ Igantziko kirolaria

ttipi-ttapa 2009ko abenduaren 14a

Sokatiran, txingekin, lasto altxatzen eta botatzen, lasterka, mendian… Zer eginen zenuke kirolik gabe?
Seguraski gaizki bizi, ez nintzateke gustura geldituko.
Denetan goian egoteko sekretua zein da?
Ni ez nago goian, gustura ibiltzen naizen horietan aritzen naiz, zure buruari erronka egin.
Kirolari eta kamionero lanak bateragarriak dira?
Ordutegi aldetik deserosoa da, ezin da nahi adina kirol egin, baina nolabait ere moldatzen gara.
Hainbertze kirolen artean, bat aukeratzekotan, zein?
Zaila da, ez nuke aukeratuko.
Markarik egitea gustatuko litzaizuke?
Ez, eginak ditudan errekorretara berriz ailegatzea gustatuko litzaidake.
Beti Gazterekin munduko txapeldun sokatiran. Eta orain Amaiurrekin Italiara txapelaren bila?
Itxaropen horrekin joan behar da, baina hagitz zaila da talde hasi berri batentzat hori lortzea. Beraz, ahal den hobekiena pasatu eta ea gustura gelditzen garen.  
Sokatiran, nesketan, Amaiur edo Beti Gazte faborito?
Badaezpada ere, nahiago dut galdera horri ez erantzun –irriz–.
Nondik datorkio Igantziri herri-kiroletarako afizioa?
Tamalez, orain gure artean ez dauden bi lagun, Migel Mari Etxarte eta Luis Mari Zelaieta, eta Eduardo Eugi hasi ziren eta euren bidez.
Kirolaz aparte, baduzu afiziorik?
Astirik ez dut...
Besta egiteko, Sanmigelak edo inauteriak nahiago?
Sanmigelak. Inauterietan, beti edo aunitzetan sokatiran aritu naiz eta inauteriak aparte utzi behar.
Zer du Igantzik bertze herriek ez dutena?
Bertze herrien berririk ez dut, eta Igantzikoaren berri bai. Bakoitzak bere xarma izanen du eta ni Igantzikoarekin gustura nago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun