Sarraiako meategien inguruko erakusketa zabalik dago Berako Kultur Etxean

Aitor AROTZENA 2009ko abenduaren 15a

Nahia Senper, indusketan ateratako bagoneta puskekin eta Montoiako portua zegoen tokian topatutako burdin lingote bat erakusten. Aitor AROTZENA

Abenduaren 11n bisita gidatua eskaini zuen Nahia Senper arkeologak

“Sarraiako meategiak. Burdinaren bideak Bidasoan zehar” izeneko erakusketa interesgarria zabalik dago Berako Kultur Etxean abenduaren 31 bitarte. Abenduaren 11n, ortziral arratsean egin zen inaugurazioa eta bisita gidatua, Nahia Senper Berako arkeologaren eskutik. Hain zuzen, erakusketa produzitu duen Larrate Zerbitzu Kulturaleko kide da Nahia Senper eta Sarraia inguruan egindako indusketen berri eman zuen. Erakusketa Berako Udalak antolatu du, Cederna-Garalur erakundearen laguntzarekin.
Berako udalak bultzatu ditu Sarraiako meategietako indusketa arkeologikoak. Bertan egindako lana, Sarraiako meategien azalpen historikoa eta Beran izan zen Montoiako portuaren eta trenaren inguruan erakusketa prestatu dute, guztia burniaren inguruan.


Meategia eta Montoiako "itsas portua"

Nahia Senperrek, bere unibertsitateko tesina oinarri hartuta aritu da indusketa lan hauek egiteko. Hain zuzen, Oiasso-Pompaelo erromatar bidearen aztarnak aurkitu nahi lituzke beratarrak eta bere ustez, bide hori gure ingurutik pasatuko litzateke. Bere lan horren baitan, Sarraiako meategiak aztertu ditu. Indusketa arkeologikoan meategietan erabiltzen zen bagonetaren aztarnak topatu ditu, baina bertze gauza handirik ez. Halere, meateagi hauen inguruko dokumentazioa Erdi Arotik badela adierazi zuen. Gainera, errekan topatutako minerala eta burni lingoteak ere ikusgai paratuak ditu erakusketan, baita burni horrekin egiten diren tresnak ere.
Baina Sarraiako meategiak ez ezik, meategi horretako burnia eta bertze hainbat produktu Hondarribiara eramateko eta Hondarribiatik Berara arrain freskoa eta gazitua ekartzeko erabiltzen zen Montoiako portuaz ere aritu zen, baita berriagoa zen trenbideaz ere. Portuaren inguruan lan egiteko borondatea azaldu zuen Nahia Senperrek, beti ere Berako udalaren laguntza lortzen badu. Josu Iratzoki alkateak borondatea bai, baina dirua falta dela aipatu zuen. Ikusi beharko!
Momentuz, abenduaren 31 bitarte ikusten ahal dena erakusketa interesgarri hau da. Astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 20:00etara zabalik izanen dira Kultur Etxeko ateak eta besta egunetan itxia egonen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun