Baztan-Bidasoaldeko Txistularien Eguna ospatu zen abenduaren 12an Arantzan. Larunbat goizean, Arantza, Bera, Lesaka eta Baztango txistulariak bildu ziren, baita Iruñetik hurbildutako bakarren bat ere, 25 guzira. Doneztebeko taldeak ez zuen joaterik izan, Kultur Arteko Topaketa ospatzen baitzuten. Eskualdean txisturako afizioa handia dela nabarmen utzi zuten, halere. Txistulari gazteenak Berako Ibon Irastortza eta Liher Larretxea ziren, 9 urtekoak. Beteranoena, nola ez, Arizkungo Jabier Larralde, 82 urterekin, Patxi semearekin eta Baztango bertze zenbait musikarirekin joandakoa.
Goizean karrikabuelta egin zuten Arantzako karriketan eta gero, plazan, Arantzako Zortzikoa jo zuten txistulariek eta dantzatu zuten Joseba Pikabea, Eneko Ordoki, Borja Iturria, Andoni Mitxelena. Xabi Iturria, Gurutze Pikabea, Aitzibel Almandoz eta Aitziber Lizardi dantzariek. Segidan, Mutildantza hiru bueltakoa ere dantzatu zuten. Txistulariek berriz ere kalejiran segitu zuten eta Aterpen egin zuten hameketakoa.
Bitartean, plazan, Ixkiboko Juan Miguel Biurrarena zenari buruzko argigarriak ageri zituzten panelak paratu zituzten. 18 urterekin hasita, Ixkibo baserriko Juan Migel Biurrarena ttun¬ttunlaria ezaguna egin zen inguruan. Jose Lorentzo Fagoaga Errene lagun zuela, eskualdeko herrietan eta Goierrin txistua jotzen aritzen omen ziren besta eta inauterietan. Baina, Juan Migel txistuegile gisa ere ospetsua izan zen. Txistuak ezpelaren egurrarekin egin eta Euskal Herri osoan saldu zituen. Euskal Herriko Txistularien Elkarteko lehendakari izan zen.