Eskualdeko Txistulariien Eguna ospatuko dute abenduaren 12an Arantzan

TTIPI TTAPA 2009ko abenduaren 11

Inguruko txistulariak Arantzan bilduko dira larunbatean. TTIPI TTAPA

Juan Migel Biurrarena txistulari eta txistugileari buruzko panelak jarriko dira

Beran egin zen lehenengo aldiz topaketa eta Elizondo, Lesaka eta Donezteben hurrengo edizioak egin ondoren, abenduaren 12an, larunbat goizean Arantzan bilduko dira herriko eta inguruko txistulariak, Txistulariaren Egunaren baitan. Helburua zonaldeko txistulariak elkartzea izanik, Arantzako txistulariek eguna antolatu dute.
Goizean karriketan barna kalejira izanen da; tartean, hamaiketakoa eginen dute, eta eguerdi aldera, zortzikolari talde batek herriko zortzikoa dantzatuko du. Segidan, bigarren karrikabuelta eginen dute txistulariek. Bazkariarekin bukatuko dira ekitaldiak.
Gisa berean, oraindik bizi diren Arantzako txistulariak eta joan direnak  ahantzi gabe, Juan Migel Biurrarena txistulari eta txistuegile aranaztararrari buruzko informazio panela nahiz txistularien argazkiak paratuko dira.


Ixkiboko semea   
18 urterekin hasita, Ixkibo baserriko Juan Migel Biurrarena ttun-ttunlaria ezaguna egin zen inguruan. Jose Lorentzo Fagoaga Errene lagun zuela, eskualdeko herrietan eta Goierrin txistua jotzen aritzen omen ziren besta eta inauterietan. Baina, Juan Migel txistuegile gisa ere ospetsua izan zen. Txistuak ezpelaren egurrarekin egin eta Euskal Herri osoan saldu zituen. Euskal Herriko Txistularien Elkarteko lehendakari izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun