Lana, Familia eta bizitza pertsonala uztartzeko II. Itun Mankomunitatearen baitan Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatutako urteko ekitaldiek Arantzan, Etxalarren eta Igantzin Eguberrietako oporraldian eskainiko den Haur Txokoa ludotekarekin izanen dute akabaila.
Haur Txokoaren helburua haurrei denbora libre jostagarria ematea eta gurasoei mesede egitea da. Honela, haurrek beren denbora librean kulturarekin eta harreman afektiboekin jostatzen eta gozatzen ikasteko gune bat, solidaritatean eta berdintasunean oinarritzen dena. Bidenabar, “zerbitzu honen bitartez gurasoei aukera bat eman nahi diegu seme-alaben heziketa bateratu ahal izateko euren lanarekin edota denbora librearekin” adierazi dute Jokin Apezetxea Mankomunitateko teknikariak eta Patxiku Irisarri presidenteak ortziral goizean egindako aurkezpenean.
Bortzirietako haur txokoan hezikidetzan ikasteko eta elkartzeko gune bat izan nahi du, eta bertan parte hartuko dutenak bultzatu nahi ditu, “balore solidarioak praktikan jartzeaz gainera, errespetuan eta elkar laguntaren garrantziaz gogoeta egitera”.
Abenduaren 23tik urtarrilaren 8ra, bederatzi goizetan
Haur Txokoa abenduaren 23tik urtarrilaren 8ra eginen dira, Dindaia Fundazioak jarriko dituen begiraleekin, goizeko 10:00etatik 13:00etara. Denera bederatzi saio izanen dira, herri bakoitzean bortz besta egun hartuko baitute: abenduaren 24, 25 eta urtarrilaren 1 eta 6a Arantzan eta Igantzin eta abenduaren 25 eta 31 eta urtarrilaren 1 eta 6a Etxalarren. Arantzan eta Etxalarren eskolan eginen da Haur Txokoa eta Igantzin ludotekan.
Izen ematea abenduaren 21a baino lehen egin behar da, 948 635036 telefonora deituz 9:00etatik 12:30era edo ssb@lesaka.net helbidera idatzita. Herri bakoitzean gehienez 15 haur apuntatzen ahalko dira.
Bigarren urtea da Mankomunitateak Haur Txokoa antolatzen duela. Jokin Apezetxeak aipatu duenez, “iaz oporralditik kanpo egin genuen, klaseak bukatu ondotik eta Bortzirietako hiru herri ttikienetan haur aunitz apuntatu ziren. Lesakan eta Beran, aldiz, ez zuen segidarik izan eta horregatik aurten ez dugu egin”.