Egoera sozioekonimoari buruzko kezka plazaratu dute ezker abertzaleko alkate eta hautetsiek

Aitor AROTZENA 2009ko abenduaren 11

Jaime Iturria, Josu Iratzoki, Patxiku Irisarri eta Edurne Rekondo, atzoko agerraldian. TTIPI TTAPA

Lantegietako gatazkak "dagoeneko gizarte osoarenak" direla uste dute

Bortzirietako ezker abertzaleko alkate eta hautetsiek bere kezka agertu dute eskualdeko egoera sozioekonimoaz eta eskualdeko langilek antolatzen dituzten ekimenak babestu eta bertan parte hartuko dutela adierazi zuten ortzegunean Etxalarren. Ekitaldian izan ziren Jaime Iturria Arantzako jarduneko alkatea, Josu Iratzoki Berako alkatea, Patxiku Irisarri Etxalarko alkatea eta Edurne Rekondo Lesakako ezker abertzaleko kidea.

Urte honetan arlo sozioekonomikoan egindako ekintzen berri eman zuten, maiatzaren 9ko manifestazioa eta 21eko greba orokorra azpimarratuz.



1.728 langile EREn daude eta 222k lanpostua galdu dute aurten

Enpresen egoera aztertu zuen Patxiku Irisarrik: “Garrantzitsuenak EREen daude (Savera, Condesa, Arcelor, Funvera,…) eta orain gainera mehatsu bortitzekin etorri zaizkigu; Kaleratzeak. Baztan-Bidasoan 39 ERE izan dira 2009ko urtean (29 aldibaterako eta 10 itxitzeko). Honek erran nahi du 1728 langile EREn daudela eta 222 langilek bere lanpostua galdu dutela. Momentu honetan 1053 langile daude langabezian, joan den urtean baino 263 langile gehiago eta gainera aurtengo datu txarrenak dira hauek”.

Baina bertze alorretan ere ez daude hobe, “zerbitzu alorrean eman da igoerarik haundiena batez ere dendariak eta tabernariak, eta erainkuntza alorrean ere ez da inolako mugimendurik. Ez dugu ahantzi behar nekazariek Azaroaren 20an egin zuten greba eta 21ean, nekazal sindikatu guztiek elkartuta, Madrilen egin zuten manifestazio erraldoia. Lehen sektorea, sektore estrategikoa konsideratzen dugu eta honetan ere gure indar guztiak jarri behar ditugu”.

Lantegietako gatazkak gizarteratzeko beharraz ere aritu ziren: “Bukatu dira fabriketako gatazkak. Gatazka hauek gizartearenak dira eta horrenbestez fabrika barreneko arazoak kanpora atera behar dute eta sozializatu egin behar dira. Krisi hau sortu dutenak langileriari eta herritarrei ordainarazi nahi diote, lan erreformak bultzatuz edo BEZa igoz”.


Gehiengo sindikalak atera duen Dekalogoa zabaltzea eta Nafarroa Ezkerretik dekalogoa martxan jartzea nahi dute alkate eta hautetsiek eta horretarako mozioa ere aurkeztuko dute udaletan. Udalek bizi duten egoera ekonomiko larria ere aipatu zuten, eta erabateko autonomiaren alde agertu ziren. Udal finantziazioaren eredu aldaketa proposatu zuten eta Toki Ogasunen Funtsa hobekiago banatzea nahi dute, “gaur egun udaletxetara ailegatzen den %6tik %25era pasatuz”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun