NABAIren moziorik blokeatu dutenik ukatu du Lesakako PNVk

TTIPI TTAPA 2009ko abenduaren 10a

Udalera epez kanpo aurkeztutako mozioak Onin Udal taldeak eskatutakoak direla adierazi du

Ezkerreko Nabaizaleok webgunean argitara emandako albisteari erantzunez, Lesakako EAJ-PNVk gezurtatu egin du EAk eta EAJ-PNVk  NABAIren moziorik blokeatu dutenik Lesakan, Onin Udal taldekoek ulertarazi nahi duten bezala. PNVren erranetan, Oninek esplikatu egin beharko du zeinek eta zergatik uzten dion koalizioaren izena erabiltzen Lesakako udalean mozioak aurkezteko. PNVko udal taldearen ustez, NABAIk Lesakako udalean mozioren bat aurkeztu beharko balu, “logikoagoa litzateke koalizioko kide den talderen baten izenean aurkeztea, eta ez kanpoko talde baten izenean”.
PNVri atentzioa eman dio Oninek Lesakako egoeraz kezkatutako bizilagun apolitikoek osatzen dutela erratea eta “orain, gobernu taldeko kideak ez direnean, Lesakarekin zerikusirik ez duten goi mailako politikako mozioak aurkeztea”.
Onin udal taldeak, Interneteko webgune guziek eta egunkari guziek hala erranen balute ere, PNVk dio gezurra dela Lesakako Udalak NABAIk aurkeztutako moziorik izan duenik. “Mozio hauek –dio PNVren idatziak– Onin Udala taldeak, Deñe Abuinen izenean aurkeztuak dira eta halaxe ageri da, hizki larriz, eskatzailearen laukitxoan, ez da inon Nafarroa Bairen erreferentziarik ageri”.
PNVren ustez, Lesakak berak nahiko arazo baditu, bertze herrietako afera politikoak eztabaidatzera sartu gabe. PNVren ustez Oninek zarata handia atera nahi du Udaletxe inguruan, “arazo ekonomikoak eta funtzionamendukoak estaltzeko”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun