Igantziko Kultur Egunak arrakastatsuak suertatu dira

TTIPI TTAPA 2009ko abenduaren 11

Igantziko hamar gazta aurkeztu ziren lehiaketara abenduaren 6an eta eskolako guraso eta haurrek postreak salgai paratu zituzten. Oskar TXOPERENA

Argiñenbordako Carmen Larraldek irabazi zuen gazta lehiaketa

Abenduaren 4tik 8ra ospatu diren Igantziko Kultur Egunak arrakastatsuak suertatu dira. Musika, zine, antzerki eta diapositiba emanaldietara jende aunitz bildu zen lehenengo egunetan eta abenduaren 6ko gazta lehiaketan, Igantzin egindako hamar gazta aurkeztu ziren. Argiñenbordako Carmen Larralde suertatu zen garaile, bigarren Argatagaraiko Elena Retegi eta hirugarren Goiz Argiko Iñaki Bereau. Eskolako guraso eta haurrek postreak salgai ere paratu zituzten.
Kultur egunei akabaila emateko, abenduaren 8an, urteroko erakusketa antolatu zuen Biltokik Baratzondon aurtengoan “Oraingo eskola/lehengo eskola” gaiaren inguruan. Garai bateko pupitreek, maisuaren mahaiak eta liburuek ikusmina piztu zuten eta, zer erranik ez, garaiko argazki zaharrek. Gustora ibili ziren igantziarrak haur eta eskola denborako argazkiak begiratzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun