400 lagun bildu ziren larunbatean Beran, Funberako lan etorkizunaren aldeko manifestazioan

Aitor AROTZENA 2009ko abenduaren 7a

Larunbat arratsaldean manifestazio jendetsua izan zen Beran. Bezperan, Bidasoaldeko alkateekin bildu ziren lanh Aitor AROTZENA

Bidasoaldeko zazpi alkatek bilera eskatu diote Roig kontseilariari gai honen inguruan

400 bat lagunek bat egin zuten larunbatean Funberako langileek deitutako manifestazioarekin. Langileak mugagabeko greban daude abenduaren 2az geroztik eta hainbat mobilizazio egon dituzte egunotan. Kotxe karabana Malerreka eta Bortzirietan barna abenduaren 3an, bilera alkateekin abenduaren 4ean eta manifestazioa abenduaren 5ean.
“Gure etorkizunaren alde, Funberan desdidorik ez! zioen pankartaren gibeletik joan ziren komiteko langileak (ELAk 7 ordezkari ditu eta LABek 2), baita Bera, Arantza, Etxalar, Sunbilla eta Donamariako alkateak ere. “Hemen bizi, hemen lan egin”, “Borroka da bide bakarra” edo “Despidorik ez” bezalako oihuak aditu ziren Berako karriketan. Funberatik abiatu eta Bidasoa, Eztegara, Altzate eta Legia karriketan barrena pasatu ondotik, Herriko Etxeko Plazan bukatu zen manifestazioa.
Felix Espelosin, ELAko delegatua eta Enpresa Batzordeko presidenteak  jasotako elkartasuna eskertu zuen eta enpresak aurkeztutako EREa ez onartzea eskatu zion Nafarroako Gobernuari. Jakina denez, enpresak 55 kaleratze proposatu ditu eta geldituko liratekeen 87 langileek 117 eguneko espediente tenporala izanen lukete 2010ean. Espelosinek gogoratu zuenez, “berriki arte lantegiak 202 langile zituen, baina 60 langile bota ondotik, orain bertze 55 bota nahi dituzte. Ezin dugu onartu, gezurra da Funverak etorkizunik izan dezakeenik 87 langilerekin”. Dabid Iturria, LABeko ordezkariak, enpresaren proposamena kritikatu zuen, “aurrejubilazioak eta baja inzentibatuak eskaintzen baititu, baina beti ere langileok EREa onartzen badugu eta hori txantaje hutsa da”.
Enpresa batzordeko kideek gogoratu zuten azken bortz urtetan “11 milioi euroko irabaziak izan dituela Funberak, eta oraindik ez du balantze negatiborik aurkeztu”.

 

Alkateen konpromisoa

Manifestazioaren bezperan, abenduaren 4ean, Bidasoaldeko zazpi alkaterekin bildu ziren langileak Berako Herriko Etxean, beraien egoeraren berri emateko. Urrotz, Donamaria, Bera, Etxalar, Igantzi, Arantza eta Sunbillako alkateek bilera eskatuko diote lehenbailehen Jose Maria Roig, Nafarroako Gobernuko Lan kontseilariari.
Abenduaren 7an, astelehen goizean, enpresako zuzendaritzako kideekin biltzekoa zen langileen batzorde permanentea (ELAko 3 kide eta LABeko 1) eta  abenduaren 9an edo 10ean Iruñera joatekoak dira bizpahiru autobusetan, Lan Departamentuaren aitzinean kontzentrazioa egitera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun