Berako Fundiciones de Vera (Funvera) lantegiko langileek mugagabeko grebari ekin diote abenduaren 2an eta hainbat mobilizazio iragarri dituzte egunotarako. Honela, abenduaren 3an, San Frantzisko egunez, kotxe karabana eginen dute Bortziriak eta Malerrekako herrietan barna, Donezteben abiatuta 10:30ak aldera. Ortziralean, abenduaren 4ean, inguruko alkateekin bilduko dira, egoeraren berri emateko eta larunbatean, abenduaren 5ean, manifestazioa eginen da Berako karriketan, 18:00etan abiatuta Funveratik eta Altzateko Plazara bitarte eta gero Herriko Etxeko Plazara joanen da.
Heldu den astelehenean, abenduaren 7an, berriz ere biltzekoak dira langileak enpresarekin.
55 kaleratze eta gainerakoei 117 eguneko suspentsioa 2010ean
Funverako Langile batzordeak jakinarazi duenez enpresak 55 kaleratze eta gainerako 87 langileei 117 eguneko suspentsioa dagokien EREa aurkeztu du 2009ko abenduaren 31tik aurrera martxan jartzeko.
Egoeraren larritasuna dela eta batzar orokor erabakior bat egin zuten langileek, 55 kaleratze hauek ekiditeko greba orokor mugagabe baten deia bozkatzeko Aipaturiko bozketak, emaitza hauek eman ditu: 96 bozka grebaren alde eta 20 aurka.
Aipatzekoa da duela urtebete Funverak 202 langileko plantila zeukala eta orain, aldiz, 87 langileekin segitu nahi dutela. Azken urtean, oraingo hau hirugarren espedientea da, aitzineko biak 58 eta 1995 eguneko suspentsiokoak zirelarik.
Funverako zuzendaritzak aurkeztu duen azken hau, aitzinekoen moduan, produkzio eta antolakuntza arazoengatik aurkeztu du, ez arazo ekonomikoengatik. Alegia, Langileen Batzordearen erranetan, “azken 5 urteetan 11 milioi euroko irabaziak nonbait enpresari ez zaiolako interesatzen jakinaraztea”.
Langilerien aldetik kaleratze hauek berehala kentzea exigitzen zaio enpresari eta honek egin ezean Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuak ez dezala onartu eskatzen dute.