Bera-Lesaka ur hornidurarako konponbide bateratua hobeki aztertu nahi du Lesakako Udalak

Aitor AROTZENA 2009ko abenduaren 2a

Lehen fasean 1,6 milioi euroko inbertsioa aurrikusten da eta %90eko dirulaguntza jasoko litzateke

Lesakako eta Berako ur-hornidurarako konponbide bateratua emateko proposamen bat argitaratu zen 2009ko abuztuaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean. 2009-2012 aldiko Toki Inbertsio Planaren barnean eginen litzateke jarduera komunen lehen fase hori eta 1.600.000 euroko inbertsioa aurrikusten zen (BEZ barne), eta %90eko dirulaguntza jasoko litzateke.
Irailaren 30ean, artean Koldo Erkizia alkate zela, ebazpena eman zuen, honakoa adieraziz: “Lesakako udalak konpromisoa hartzen du Nafarroako zergetan parte hartzeko Funtsak ordaintzen ez duen inbertsio zatia finantzatzeko”. Beti ere ebazpen honen eraginkortasuna udalbatzaren onespenaren mende egonen zela adierazten zuen.


Gai hau lantzeko egin den batzarrean, gaur egungo alkateak, Juan Fermin Mitxelenak adierazi zuen zuzena iruditzen zaiola Lesakako Herriko Etxeak Berako ur-hornidura bermatzen laguntzea. Halere, “lan horien onuraduna Bera izanen bada ere, Lesakan egin beharko dira lan horietako gehienak” erran zuen eta bertze alde batetik, aurrikusitako trazatua hobetu beharko litzatekeela uste du. Horregatik, beharrezkoa jo zuen gaia Nafarroako Gobernuko teknikariekin batera aztertzea. Mitxelenaren akordio-proposamenaren arabera, udalak Nafarroako zergetan parte hartzeko Funtsak ordaintzen ez duen inbertsioaren zatia finantziatzeko konpromisoa hartuko luke, beti ere “modu proportzionalean, bi udalerrietako hornidurarako konponbide bateratua lortzeko egindako azterketan aurrikusitako kontsumoa aintzat hartuta”. Horren aitzinetik, dena den, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuarekin eztabaidatzea eskatzen zuen, “proiektuaren alderdi tekniko eta ekonomikoak hobetzeko”.


Etorkizunerako hipotekatuak

Onin udal taldeari ez zitzaion egokia alkatearen proposamena, “Koldo Erkiziak karguan egin zuen azkeneko egunean sinatutako alkatetzaren ebazpena berresteko” ez ezik “etorkizunerako lotu edo hipoteka gaitzakeelakoz LSK enpresak aurkeztutako proiektuari dagokionez”.
Deñe Abuinek jakinarazi zuenez, irailaren 29an, Erkiziak ebazpena eman bezperan, faxa bidali zitzaion Herriko Etxetik Toki Administrazio Departamentuari.  Udala lan horiek egitearen alde egonik, hainbat kontu aurrez hobeki argitu nahi lituzke. Erraterako, egin nahi den obra hori lehen fasea bertzerik ez da eta Toki Administrazioko kontseilariak bilera batean errandakoaren arabera, gastua 5 eta 6 milioi euro inguruan ibiliko zen, guzira. Lesakako udalak ohartarazi zuen bere “egoera ekonomikoa hagitz makala” zela eta horrek inbertsio handiak egitea eragozten zuela. Lan gehienak Lesakako lurretan egin, baina onuraduna Bera izanen dela ere ohartarazten zuen udalak, Lesakak ez baitu hornidura-arazorik. Horregatik, herri bakoitzak zein ehuneko ordaindu beharko lukeen ere galdetzen zuten, baita zertan litzatekeen Nafarroako Gobernuko lanak kudeatzeko ardura, kooperazio-erregimenean egin behar denez gero. Toki Administrazioko Departamentuko proiektuaren arduradunekin ere bilera eskatu zuen Udalak. Biharamonean, Iruñetik Udalaren konpromisoa eskatu zuten egun bereko 15:00ak baino lehen, bertzela dirulaguntza galduko baitzen. Horregatik ebazpena eman zuen Erkiziak, beti ere udalbatzaren onespenaren mende.
Horregatik, Oninek ez zuen uste proiektua ongi ezagutu gabe onartzeko orain presaka ibili behar zenik, “lehen faseak zer hartzen duen jakin gabe, eta gainera, udalera ailegatu den plano bakarrarekin ados ez bagaude”.


Toki Administrazioarekin eztabaidatu

Plano horren arabera eta bizilagunei galdetuta, Iraga eta Zelako errekek ez dutela emari handirik ikusi da, eta ez da ideia ona hortik ura hartzea, erreka horiek gehiago idortuko liratekeelakoz. Konponbidetako bat Iartza zentraletik ura hartzea izaten ahal da, horrek emari hagitz handia ez ezik, gotiago dagoenez ez litzateke ponpatu behar ere. Nabaztik Zalain Zokora ura eramateari buruz ere zalantzak azaldu zituen Oninek, “kontuan izanda Alkaiagan badela ura”.
Alkateak kontuan hartu zituen Oninen zalantzak eta udalak ahobatez onartu zuen Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio departamentuarekin eztabaidatzen hastea, proiektuaren alderdi tekniko eta ekonomikoak aztertzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun