Igantziko Kultur Egunak abenduaren 4tik 8ra ospatuko dira

TTIPI TTAPA 2009ko abenduaren 2a

Ekitaldi ugari izanen dira aurten ere Igantziko Kultur Egunetan. TTIPI TTAPA

Abenduaren 8an lehengo eta oraingo eskolari buruzko erakusketa eginen da

Igantziko Kultur Egunak abenduaren 4tik 8ra ospatuko dira. Kultur egunei hasiera emateko, abenduaren 4an, ortziralarekin, Tomania Folk Taldearen emanaldia izanen da 20:00etan, Baratzondon. Ekitaldi hau Nafarroako Gobernuak antolatzen duen Udazkeneko Biraren barrenean dago.
Hurrengo egunean, abenduak 5, larunbata, neska-mutikoentzako zine emanaldiak izanen dira Ziberrean, 16:00etan hasita. Oraindik pelikulak erabaki gabe badaude ere, bi emanaldi izanen dira, lehenbizikoa 8 urte bitartekoentzako, eta bigarrena 8 urtetik goitikoentzako.
Ilunabarrean, 20:30ean, Barantzondon, helduentzako antzerki emanaldia izanen da. Aurten berriz ere Txirene taldea etorriko da, bere lan berriarekin: Gezurrezko printzea. Senarraren bizitzan erabat murgilduta dagoen andre baten bizitza kontatzen du lan honek. Senarraren ama gaixotu, eta andreak hartuko du hura zaintzeko ardura. Senarraren bizitza, ordea, ez da aldatuko. Erabat etsita, andreak harremana haustea erabakiko du.

 

Gazta lehiaketa
Abenduaren 6an, sanmigeletan egin gabe gelditu zen ekitaldia eginen da: gazta lehiaketa. Erran behar da lehiaketa honetan herriko gaztagileek bakarrik parte hartzen dutela. Urtero-urtero hamar gazta baino gehiago aurkeztu izan dira. Lehiaketa frontoian izanen da, 12:00etatik aitzinera. Horrekin batera, eskolako haurrek eta gurasoek hainbat postre eta jaki jarriko dituzte salgai.
17:00etan, Kiki, Koko eta Moko pailazoen emanaldia izanen da, Baratzondon. Eta ondotik, 19:00 aldera, goizean lehiatutako gaztak probatzeko aukera izanen da Biltokin, sagardoarekin.
Abenduaren 7an, 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoek albumak egiten ikasteko tailerra izanen dute eskolan, 10:00etan hasita. Horretan lagunduko die Pello Añorga idazleak, bere Gerlari handia albuma oinarri hartuta.
Astelehen horretan, 19:00etan, Marimendi emakumeen mendi taldeak emanaldi bat eskainiko du Ziberrean.Talde horrek 2008an Elbrus mendira espedizio bat egin zuen; tartean zen Arantzako Mentxu Peña, eta haren eskutik jakinen dugu espedizio haren berri, horretarako pres­tatu duten DVD baten laguntzarekin.

 

Lehengo eta oraingo eskola

Eta kultur egunei akabaila emateko, abenduaren 8an, 11:30etik aitzinera Baratzondon erakusketa izanen da, urtero bezala. Aurtengoan, Biltokik erakusketarako aukeratu duen gaia Oraingo eskola/lehengo eskola izan da. Erakusketa osatzeko, herritarren parte-hartzea eskatu dute. Beraz, etxeetan lehengo eskolako materialak (liburuak, idazlumak, eskulanak, marrazkiak, pizarrak, argazkiak...) dituztenei dei berezia egin diete horiek Biltokiren esku uzteko. Bertzalde, lehengo eskolarekin erabat lotua dagoen El florido pensil an­tzez­lana proiektatuko dute Baratzondon bertan, 12:00etan eta 18:00etan.
Kultur egun hauek Euskara Batzordeak antolatu ditu, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen eta Udalaren laguntzarekin. Eta antolaketan bereziki parte hartu dute batzorde horren partaide diren Biltoki elkarteak, Eskolak eta Guraso Elkarteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun