Enpresak iragarritako 55 kaleratzeen kontra mugagabeko greba hasiko dute abenduaren 2an Funveran

TTIPI TTAPA 2009ko azaroaren 27a

Burdinaren Martxa egin zuten Funverako langileek maiatzean Beratik Iruñera eta orain grebara joko dute egoera moldatzen ez bada. TTIPI TTAPA

Gainerako 87 langileei ere 117 eguneko suspentsioa dakarren EREa iragarri dute 2010erako

Berako Fundiciones de Vera (Funvera) lantegiko Langile batzordeak jakinarazi duenez enpresak 55 kaleratze eta gainerako 87 langileei 117 eguneko suspentsioa dagokien EREa aurkeztu du 2009ko abenduaren 31tik aurrera martxan jartzeko.

Egoeraren larritasuna dela eta batzar orokor erabakior bat egin zuten langileek, 55 kaleratze hauek ekiditeko greba orokor mugagabe baten deia bozkatzeko Aipaturiko bozketak, emaitza hauek eman ditu: 96 bozka grebaren alde eta 20 aurka.

Beraz kaleratzeak mahai gainetik kendu ezean, Funverako langileak greba mugagabean hasiko dira abenduaren 2tik aitzinera.

Aipatzekoa da duela urtebete Funverak 202 langileko plantila zeukala eta orain, aldiz, 87 langileekin segitu nahi dutela. Azken urtean, oraingo hau hirugarren espedientea da, aitzineko biak 58 eta 1995 eguneko suspentsiokoak zirelarik.

Funverako zuzendaritzak aurkeztu duen azken hau, aitzinekoen moduan, produkzio eta antolakuntza arazoengatik aurkeztu du, ez arazo ekonomikoengatik. Alegia, Langileen Batzordearen erranetan, “azken 5 urteetan 11 milioi euroko irabaziak nonbait enpresari ez zaiolako interesatzen jakinaraztea”.

Langilerien aldetik kaleratze hauek berehala kentzea exigitzen zaio enpresari eta honek egin ezean Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuak ez dezala onartu eskatzen dute.

Funverako langileak nazkatuta daude egoera honetaz “non “garai onetan” onurak alde batera doazen bitartean “garai txarretan” ondorioak guri ordaintzea dagokigu”.

Hainbertze bidegabekeri direla eta, greba mugagabea eta hainbat mobilizazio egiteko beharrean daude beraien lanpostuen defentsan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun