Berako kiroldegiaren aitzineko itxitura egin ondotik sortu den egoerak eztabaida piztu du herrian, baita azaroaren 19ko udal batzarrean ere. Josu Iratzoki alkateak aurkeztu zuen idatziaren arabera, 2009ko martxoak 24ko Berako udaleko osoko bilkuran Nafarroako Hezkuntza Departamentuarekin hitzarmen bat sinatzea onartu zen. Hitzarmen honetan udalak Toki Ona ikastetxearen instalazioak hobetze asmoz Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eginiko lurren zesioak zehazten ziren. Alkatearen erranetan, Berako udalari “bai Toki Onako APYMAtik nahiz inguruko udaletxetatik egindako presioa eta eskakizunak direla eta hitzarmen hau presaka eta gauza batzuk zehaztu gabe sinatu zen. Gure taldea erabaki horretan abstenitu egin zela ere erran behar dut, ez ginelako ados hitzarmenaren zati batzuekin”. Hitzarmen honetan udalak patioa ixteko ardura hartu zuen gastuaren zati ttiki bat Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak bere gain hartuz.
Eskola orduetatik kanpo ere itxia
Orain, behin itxituraren zati handiena egina dagoenean, alkateak dioenez “arazoak sortu dira Toki Onak erabaki duelako eskola orduetatik kanpo patio hau itxia egon behar dela”.
Herritarren kexak direla eta Udala harremanean jarri zen Toki Onako Zuzendaritzarekin ate honen giltza bat eskatzeko eta orain arte bezala eskola orduetatik kanpo, “hau jende guziarentzat idekia egoteko”. Toki Onako Zuzendaritzaren erantzuna eskari hau idatziz egiteko izan zen. Alkatearen arabera, “gure harriduratik ateri ondoren” idatzi bat prestatu eta Toki Onako Zuzendaritzarekin bildu zen alkatea,
erran bezala eskaria idatziz eginez. Bileran Berako Alkateak orain arte bezala patio hau eskola ordutik kanpo idekia egotea eskatu zuen eta hitzarmen bat prestatzen hastea honen erabilera arautzeko. Toki Onako Zuzendaritzak bileran bertan erabakia hartu beharrean idatzia aztertu eta “ikusiko dugu” erantzun zioten alkateari.
Hurrengo egunean idazki bat aurkeztu zuen Toki Onak patio honen erabilera arautzeko baldintzak jarriz, arduradun bat eskatuz eta bertze eskakizunekin.
Josu Iratzoki kexu da institutuko zuzendaritzak udalari eman dion tratuarekin eta zenbait galdera egiten zituen bere idatzian: “Zer aldatu da orain dela hilabete batetik gaur egunera patioa itxia egoteko? Hau al da Berako Udaletxeak nahiz bertako herritarrek merezi duten tratua? Udalak baldintzarik jartzen al du bere instalazioak erabiltzeko orduan? Hau al da gaia eramateko modua?”.
Alkatearen iritziz, udalak esfortzu ekonomiko haundia egin du itxitura hau egiten “nahiz eta ez zaigun iruditzen heziketarako hagitz egokia denik horrelako kartzela bat egitea. Ordainetan Toki Onak jarrera guziz itxia erakutsi dio Udalari eta tratu eskasa eman”.
EAren ustez, udalak ez du eskumenik
Alkateak irakurritako ia dena horrela izanik, EAko Helena Santestebanen ustez gaia “osoko bilkurara ekartzea irtenbidea bilatu baino hitz egiten denari kobertura ematea da”. Udalari eta erabiltzen zutenei ez abisatzean dago hutsa EAko zinegotziarentzat, baina “Udalak erosi eta utzi duen Toki Onarako, beraz ez du eskumenik horretan, Hezkuntza Departamentuaren aldeko iritziarekin Toki Onak onartu zuen eskolako ordutik kanpo irekia egotea”. Santestebanen ustez, ikastolak giltza izateko, udalak bezala eta bertze batzuk bezala, hitzarmena sinatu egin beharko du eta “ez bada proposamena sinatzen, “patioko irekiera atzeratzea bertzerik ez da lortzen”.
«Gestioa ez da presaka egin, 1998tik hori itxi nahian baitabil institutua"
Aralarko Marisol Tabernaren erranetan, bere nahia “eta uste dut institutuarena ere, patioa eskola orduz kanpo idekita egotea” da, “herritar guztien esku egotea eta horretarako borondate ona dagoela uste dut”. Orain arte hala egon dela ere aipatu zuen Tabernak, “eta Toki-Onatik ez da inongo trabarik jarri, institutuak hartu du hor gerta zitekeenaren ardura eta erantzukizun guztia”. Agian batzuek ez dute onartu nahi eremu hori institutuarena dela, batzuentzat herriarena dela, hori ez dut ukatuko, beti ere Nafarroako Gobernuarena dena herriarena delakoz azken finean, baina kasu honetan ez dagokio udalari horren gainean erabakiak hartzea.
Gestioa presaka egin denik ez du onartzen Aralarko zinegotziak, “izan ere 1998 urtea ezkeroz ibili da institutua hori itxi nahiean eta azkenean lortu bada ez da mesede bat egiteagatik baizik eta udalari ere interesatzen zitzaiolakoz”.
Berak ezagutzen dituen ikastetxe guztiek modu bateko edo bertzeko itxiera dutela aipatu zuen, “eta toki guztietan normala ikusten dena hemen kartzelarekin parekatzen da. Gainera herri honetan hainbat ikastetxe daude, batzuk herriaren lurretan eta bertze batzuk ez, eta denak itxiak daude, baina hemen epaitzen dena eta hautsak harrotu dituen bakarra juxtuki institutuarena da”.
Herriko egoera bere osotasunean aztertu beharraz ere aritu zen Marisol Taberna. “Toki-Onaren jarrera txarra aditu dut han eta hemen, aitortzen ahal dut okerren bat egin dela, akaso itxi baino lehen udalarekin bildu beharra zegoen, baina egia da hau kurtsoa hasi baino lehenago ixtea nahi zela eta hor ibili gara, zati bat falta zela, gero ataka, oraindik ere ez dago guztiz itxita, bitartean klaseak hasita eta hor zentratu dira institutuaren indarra eta kezkak. Behin itxi ezkeroz telefono solas batzuk egon dira, eta hor akaso nahasi da dena, institututik baldintzak batzuk, Alkatearen exijentziak bertzetik”. Azkenean, azaroaren 6an, institututik ailegatu zen idatzia udalera, bertan konpromezu batzuk eskatzen ziren, behin behineko soluzioa planteatzen zen, honekin patioa itxiko zen, gero denen artean hitzarmen bat prestatzeko eta bi aldeek onartzeko. Tabernaren arabera, “forma txarretan oinarritu da alkatea orri hori ez sinatzeko, nahiago izan du gaia plenora ekarri, hemen eztabaida bistu eta gainera institutuaren salaketa planteatzen du. Horixe ba ez zait iruditzen moldatzeko bidea, sua indartu, zergatik? ez da inongo proposamenik egiten, salaketa baizik”. Bertze asmo batzuk ikusten ditu honetan Tabernak, “desprestigioa erraterako”.
Institutuaren proposamen-orria onartu zuen Udalak
Bukatzeko, Marisol Tabernak institututik bidalitako konpromezu orria sinatzea proposatu zuen, behin behineko soluzio bezala, eta gero bilera bat adostu, udala eta institutuaren artean, bi aldeek beren nahiak, asmoak, betebeharrak eta konpromezuak planteatu ondotik, behin betirako hitzarmena adostu, prestatu eta sinatzeko.
Toki-Ona institutuaren idatzia sinatzearen alde agertu ziren EAko hiru, PNVko bi eta Aralarko bi zinegotziak eta kontra alkatea eta bere taldeko bertze hiru zinegotziak. Honenbertzez, kiroldegiko aitzineko gunea eskolako ordutik kanpo irekia egoteko sinatu du Udalak eta halaxe dago astearteaz geroztik. Honela, ikastetxearen ordutegiz kanpo eta asteburuetan udalak bere gain hartu du patioko ardura zibila