Irati Otxoteko Arlegi txirrindulari lesakarrak 15 urte ditu (1994ko apirilaren 26an jaioa) eta errepidean, Nafarroako txapeldun izan da aurten kadete mailan. Halere, bere ezaugarriak kontuan hartuz, pistan eta abiaduran hobeki moldatzen dela onartzen du. Euskadiko txapelketan, pistan, bigarren izan zen eta horrek edo Espainiako errepideko txapelketan lortutako hemeretzigarren postuak Nafarroako txapelak baino meritu handiagoa duela uste du, «konpetibitate gehiago zegoelako».
Bederatzi urtetan hasi zen Irati Otxoteko bizikletan talde batean, Lakuntzako Intersport Aralar taldean, aitaren txirrindularitzarako afizioak kutsatuta. «Kirola gustatzen zitzaidan, pilotan, futbolean, bizikletan, denean aritzen nintzen. Aitak bizikleta talde batean izen-ematera animatu ninduen baina lehenbiziko urtea gogorra egin zitzaidan, ez nituen taldekideak ezagutzen eta uzteko gogoa ere izan nuen tarteka, baina urtea bukatuta segitzeko txirrinta hori sartu zitzaidan». Orduan printzipiante taldean hasi zen konpetitzen, eta mailaz maila, kadetetara ailegatu da. «Hasieran kasik astero kopa batekin bueltatzen nintzen etxera». Orain Iruñeko Berritxaco taldean ari da, «Nafarroako nesken talde bakarrean». Denetara 20 neska biltzen dira taldean. Aurten emaitza onak bildu ditu. Errepidean, maiatzaren 24an Betelun egindako proban Nafarroako txapeldun izateaz gain, Euskadiko pista txapelketan bigarren izan da eta Valladoliden, bi asteburuz egindako txapelketetan, batean lehenbiziko izan zen.
Errepideko probetan, mendian goiti ibiltzea baino nahiago du esprinta. «Pisu nahiko badut eta abiadura errazagoa hartzen dut. Mendian segidan uzten naute gibelean», adierazi digu Iratik.
Pista edo errepidea, zer nahiago duen galdetuta ez du garbi, «baina pista hobeki egokitzen zait, hala erran zidan Hector Roldan selekzionatzaileak» dio. Pistan deskantsatzeko errepidean baino aukera guttiago izaten da, «beti pedalei eragin behar diezulako eta abudoago nekatzen zara, neke ezberdina da. Pista esplosiboagoa da, manillarra beheitiago dago, postura aerodinamikoagoa duzu eta bizikletak ere arinagoak dira, ez dutelako kanbiorik».
ERREPIDE ARRISKUTSUA
«N-121A errepidean obretan ari zirenean hagitz arriskutsua zen eta ez zidaten bakarrik ateratzea uzten. Zenbat buelta eman ote ditut Agiñara edo Igantzi-Arantza aldera! Fondoa lantzeko, berriz, Lesakan bueltaka ibiltzen eta azkenean asper-asper egina bukatzen nuen. Jendeak ere erranen zuen ‘Zenbat buelta eman behar ditu neska honek?’»
Pista ezezaguna
Donostiako Sei Orduek Anoetako belodromoa betetzen badute ere, pistako txirrindularitza kasik ezezaguna da guretzat. «Ingalaterran pistako txirrindulariak famatuak dira –dio Iratik– eta babes handia hartzen dute, baina hemen pista, ziklo-krossa eta mendi bizikletak ez dute batere laguntzarik». Berak pistan entrenatzeko astero-astero joan behar izaten du Tafallara entrenatzera eta badaki gurasoen laguntzarik gabe ezinezkoa izanen lukeela kirol honetan segitzea. Errepidean entrenatzeko, berriz, inguru honetako karreterak erabili behar izaten ditu: «Obretan zegoenean, hagitz arriskutsua zen eta ez zidaten uzten bakarrik ateratzen. Zenbat buelta eman ote ditut Agiñara edo Igantzi-Arantza aldera! Fondoa edo esprinta lantzeko, berriz, Lesakan bueltaka, azkenean asper-asper egina». Behin lanak bukatuta ere haserre gelditu da Irati, «karretera zaharreko zati batzuk bakarrik utzi dituztelako, Doneztebera joan nahi badut, nahitaez errepide nagusira sartu behar dut. Fondoa lantzeko kotxea hartu eta bertze norabaitera joan behar dugu».
Pistan hainbat modalitate izaten dira eta lesakarra abiadurako probetan nabarmentzen da. Espainiako txapelketan, 500 metrotan seigarren gelditu zen eta 200 metrotan bosgarren. Bizikleta dela medio, Espainian barna ibiltzeko aukera izan du Iratik, «hemen hagitz proba gutti izaten direlako». Etorkizunean, bizikletan segitzeko gogoz dago eta ikasketak ere, kirol arlora bideratu nahi lituzke.