Azaroaren 28an, larunbatean eginen da Irungo Ficoban Genealogia eta Tokiko Historiako Bigarren Topaketa, Antzinako eta GHFPBAM elkarteek antolatuta. Genealogiaren inguruko azken berrikuntzak aurkeztuko dituzte hainbat erakunde, kultur elkarte, artxibategi, argitaletxe, software genealogikoko enpresa eta genealogista profesionalek eta Ficobako galeria girotzeko, Martin Goikoetxea “Goiko” argazkilari beratarraren “Bidasoan barna” argazki erakusketa ikusgai izanen da paretetan. Bidasoa inguruko ohiturak, jendeak, bestak, garai bateko lanbideak, etxeak eta bertze hainbat argazki ikusteko modua izanen da, erakusketa interesgarrian. Aipatzekoa da Goiko aski ezaguna dela Bidasoa osoan eta aurten, Bidasoako Izokinaren Kofradiako ohorezko kide ere izendatu zuten Irunen, Julian Iantzi aurkezle lesakarrarekin batera.
Eguerdiko 12etan eginen da Genealogiako Topaketa hauen ongietorri ekitaldi ofiziala, baina egun osoan, goiz eta arratsaldez, hainbat solasaldi eta tailer izanen dira gure arbasoen inguruko ikerketaz interesatuak dauden guzientzat.