Beran egin zen lehenengo aldiz topaketa eta Elizondo, Lesaka eta Donezteben hurrengo edizioak egin ondoren, abenduaren 12an Arantzan bilduko dira herriko eta inguruko txistulariak. Helburua zonaldeko txistulariak elkartzea izanik, herritar txistulariak eguna antolatzen hasi dira.
Goizean karriketan barna kalejira izanen da; tartean, hamaiketakoa eginen dute, eta eguerdi aldera, zortzikolari talde batek herriko zortzikoa dantzatuko du. Bazkariarekin bukatuko dira ekitaldiak.
Gisa berean, gure artean dauden herriko txistulariak eta joan zaizkigunak atzendu gabe, Juan Migel Biurrarena txistulari eta txistuegileari buruzko informazio panela nahiz txistularien argazkiak paratuko dira.
Ixkiboko semea
18 urterekin hasita, Ixkibo baserriko Juan Migel Biurrarena ttunttunlaria ezaguna egin zen inguruan. Jose Lorentzo Fagoaga Errene lagun zuela, eskualdeko herrietan eta Goierrin txistua jotzen aritzen omen ziren besta eta inauterietan. Baina, Juan Migel txistuegile gisa ere ospetsua izan zen. Txistuak ezpelaren egurrarekin egin eta Euskal Herri osoan saldu zituen. Euskal Herriko Txistularien Elkarteko lehendakari izan zen.