Eguraldi eguzkitsu eta epela aprobetxatuz 210 azienda buru aurkeztu ziren azaroaren 19ko feria egunean, 90 zaldi, 85 ponni, 34 behi eta ahare bakarra. Sariei dagokienez, behi aziendetan, suizetan Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoak eskuratu zituen hiru lehen sariak, baita hobekien aurkeztutako behiari emandako txapela ere. Guztira 18 behi plazaratu zituen Igoak. Haragitako behietan ere, lehen saria berak eskuratu zuen eta bigarrena eta hirugarrena, berriz, Iriberriko Ion Muñoak. Frisona arrazako lehen saria Pilotegiko Manuel Maiak eraman zuen.
Zaldi aziendetan, lehen saria eta hobekien aurkeztutakoari emandako txapela Jose Antonio Larralderen zaldi ikusgarriak lortu zuen. Bigarren saria, Iriberriko Ion Muñoak lortu zuen eta hirugarrena Beñat Oronozek. Aharetan, berriz, Igantziko Ignacio Telletxeak aurkeztu zuen buru bakarra eta beretzat izan zen lehen saria. Aziendez gain, hainbertze salmenta postu paratu ziren herriko karriketan.
Bezperako ajoarriero lehiaketa ikusgarria suertatu zen, 16 bikote aurkeztu baitziren, horietatik zazpi Bortzirietako Gorriak peñakoak, Beheko Plaza karrika aldinbertze betez. Arrano elkartearen izenean aritu ziren Imanol Lopezek eta Boro Legasak lortu zuten lehen saria, 24 punturekin. Bigarren posturako 22 punturekin berdinduak gelditu ziren gorritxoen bi bikote, Egoitz Telletxea eta Joseba Etxartek eta Juan Ignacio Etxepare eta Maite Ortegak osatutakoak. Hirugarren postua, 21 punturekin, Irain Guraso Elkarteko Marisa Larrainzar eta Laura Igantzik lortu zuten.