Bizikletaren erabilera sustatzeko kanpaina paratu da martxan

ttipi-ttapa 2009ko azaroaren 24a

Eguneroko joan-etorrietan bizikletaren erabilera bultzatu nahi da. Artxibokoa

‘Herrian Txirrindula’ deitu diote proiektuari

Herrigunean, eguneroko joan-etorrietan bizikleta erabili eta bertze mugikortasun modu jasangarri edo iraunkorrak (oinezkoa, garraio kolektiboa eta partekatutako autoa) bultzatzeko esperientzia pilotu bat hasiko da. Proiektu honi, herriko karrika batean ikusitako eslogan batean oinarrituz, Herrian Txirrindula deitu diote. Horrela jakinarazi zuten azaroaren 11n Herriko Etxean egindako bileran.
Nafarroan mugikortasunerako bizikleta erabiltzeko helburuarekin, aholkularitza teknikoa egiteko CRANA Nafarroako Ingurumen Baliabide Zentroak Oraintxe S.L. enpresa kontratatu du. Europako Komisioaren Europarentzako Energia Zentzuduna programaren bitartez finantzatutako Added Value proiektuaren barrenean dago egitasmoa.
 Lan hau aitzinera eramateko, herriko barne mugikortasuna aztertuko dute lehenik, bidaia erakarle zein eragile diren lekuak, mugitzeko moduak, puntu arriskutsuak edo arazodunak, eragozpenak… Bizikletarekin lotutako azpiegituren egoera eta segurtasuna ere aztertuko da, bide seguruak, aparkalekuak, maldak, bertze garraio mota zein oinezkoekin elkarbizitza eta gisakoak.
Oinez ibili eta bizikletaren eguneroko erabileraren onurak zabalduko dira eta, aldi berean, giza eragileekin, proposamen prozesu bat martxan paratuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun