210 azienda plazaratu ziren Lesakako feria egunean

Aitor AROTZENA 2009ko azaroaren 20a

34 behi, 90 zaldi, 85 ponni eta ahare bakarra izan ziren Lesakako plaza inguruan. TTIPI TTAPA

Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoaren behiek irabazi zituzten sari gehienak

Eguraldi eguzkitsu eta epela aprobetxatuz 210 azienda buru aurkeztu ziren azaroaren 19ko Lesakako feria egunean, 90 zaldi, 85 ponni, 34 behi eta ahare bakarra. Sariei dagokienez, behi aziendetan, suizetan Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoak eskuratu zituen hiru lehen sariak, 190, 160 eta 100 eurokoak, baita hobekien aurkeztutako behiari emandako txapela ere. Haragitako behietan ere, 190 euroko lehen saria Joxean Igoak eskuratu zuen eta bigarrena eta hirugarrena, 160 eta 100 euro, berriz, Iriberriko Ion Muñoak. Frisona arrazako lehen saria, 190 eurokoa, Pilotegiko Manuel Maiak eraman zuen.
Aipatzekoa da Begibeltzenekobordatik 18 behi eraman zituela Joxean Igoak eta sarietan lortutako 640 euroez gain, bertze 700 euro ere lortu zituen dietetan. Halere, garraioa dela, asegurua dela eta laguntzaileak direla, azkenean gastua ere handia dela aipatu zuen.
Zaldi aziendetan, 125 euroko lehen saria eta hobekien aurkeztutakoari emandako txapela Jose Antonio Larralderen zaldi ikusgarriak lortu zuen. Bigarren saria, 95 eurokoa, Iriberriko Ion Muñoak lortu zuen eta hirugarrena, 50 eurokoa, Beñat Oronozek. Ahareetan, berriz, Igantziko Ignacio Telletxeak aurkeztu zuen buru bakarra eta beretzat izan zen lehen saria.
Aziendez gain, hainbertze salmenta postu paratu ziren herriko karriketan. Hori bai, aterki saltzaileek ez zuten atzo negozio handiegirik izan.

 

Ajoarriero lehiaketan 16 bikote

Bezperako ajoarriero lehiaketa ikusgarria suertatu zen, 16 bikote aurkeztu baitziren, horietatik zazpi Bortzirietako Gorriak peñakoak, Beheko Plaza karrika aldinbertze betez. Arrano elkartearen izenean aritu ziren Imanol Lopezek eta Boro Legasak lortu zuten lehen saria, 24 punturekin osatutako bikoteak irabazi zuen lehiaketa. Bigarren posturako 22 punturekin berdinduak gelditu ziren gorritxoen bi bikote, Egoitz Telletxea eta Joseba Etxartek eta Juan Ignacio Etxepare eta Maite Ortegak osatutakoak. Hirugarren postua, 21 punturekin, Irain Guraso Elkarteko Marisa Larrainzar eta Laura Igantzik lortu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun