Ibardingo Informazio puntuak 5.819 turista hartu ditu aurten, joan den urtean baino 1.617 gehiago, eta arduradunak kontent daude, “bai bisitarien kopurua handitu delako, baita hauek gustura agertu direlako zerbitzuarekin”. Halere, kontuan hartu behar da aurten 183 egun zabalik izan dela bulegoa eta joan den urtean 134 bertzerik ez.
5.819 bisitari horietatik %95a frantziarra zen. Mugaren hegoaldetik bisitari gutti izan ditu Ibardingo bulegoak eta aurten gehienak nafarrak, gipuzkoarrak eta bizkaitarrak izan dira.
Hilabeteka, abuztua izan da turista gehien hartu duen hilabetea, 1.855, iaz baino 215 gehiago. Uztailean 1.514 turista izan ziren, iaz hilabete berean baino 183 gehiago.
Aipatzekoa da aurten, uztailetik irailera Urruñatik Ibardinera igotzeko autobusa paratu dela eta arrakasta izan du.
Bulegoan hartu dituzten aholkuen artean, Ibardingo ibilbideak heta GR-10a hobeki seinalizatzea, autokarabanendako eremua paratzea eta Ibardingo informazio orrian informazio gehiago sartzea daude. Ibardinera igotzen direnen artean, gehienak erosketak egitera etortzen dira, baina oinezko ibilaldiak egiteko aprobetxatzen dutenak ere %36tik %55era igo dira aurten. Aldiz, Ibardinen bazkaltzera gelditu direnen portzentaia jautsi egin da aurten eta %35ak bakarrik bazkaltzen du bertan. Aurten izan diren bisitarien lautik hiru, %75a, egun bat baino gehiago pasatzera etorri da. Iaz kopuru hori %53koa bertzerik ez zen. Bisitarien %79ak ez du inoiz Ibardingo gasolindegia erabili.