Lesakako feriak ospatuko dira azaroaren 18 eta 19an eta ortzeguneko egun handian, Bortzirietako aziendarik onenak sarituko dituzte.
Asteazkenean, Merkatu Eguna izanen da. Azkeneko urteetan bezala, Irain eskolako jantokian Azoka Ttikia izan dute 11:00etatik 13:00etara. 18:00etan trikitilariek kalejira eginen dute eta ordu berean, Beti Gaztek antolatutako ajoarriero txapelketari hasiera emanen zaio frontoian, aurten ez baitu Udalak karparik paratuko aparkalekuan. Bikote bakoitzak 2 kilo bakailao ekarri beharko ditu. Elkarteak 40 euro emanen dizkio bikote bakoitzari. Bikote bakoitzak gas-sukaldea, kazula, zartagina eta behar dituen tresnak eraman beharko ditu. Antolakuntzak olioa, baratxuriak eta gatza jarriko ditu bikote bakoitzarendako. Sariak sailkatutako lehendabiziko 3 bikoteei emanen zaizkie. Bukatzeko, proba ikustera hurbildu den jendeak, lehiaketan parte hartu dutenek egindakoa dastatu ahal izanen dute. Lagungarri, ardoa eta ogia banatuko da.
Ortzeguna egun handia
Baina dudarik gabe, ortzeguneko feria eguna izanen da egun handia. Goiz osorako artisau erakusketa antolatu du San Fermin erretiratuen elkarteak Beheko Plaza inguruan. Tantirumairu ikastolako Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleek Tantirudenda paratuko dute aurten ere. Bertze urtetan bezala, Gobernuz Kanpoko Erakunde bati zuzenduko diote lortzen duten dirua eta aurten El Salvadorren uholdeek kaltetutakoak laguntzeko erabiliko da.
Azienda lehiaketan iazko sariak mantenduko dira. Behi-aziendei dagokienez, hiru kategoriatan banatuko dira, holandesak, suizak eta haragitakoak (pirenaika, blonde, limusin…) eta bakoitzean hiru sari banatuko dira: 190 euro lehenbizikoarentzat, 160 euro bigarrenarentzat eta 100 euro hirugarrenarentzat. Hobekien aurkeztutako behiak ere txapela jasoko du. Zaldi aziendentzat ere hiru sari izanen dira, 125, 95 eta 50 eurokoak eta hobekien aurkeztutakoak txapela izanen du, baita ahareentzat ere, 35, 25 eta 15 eurokoak, hurrenez hurren.
Aziendek goizeko 11:30erako Plaza Zaharrean egon behar dute, baina ezin dira ekarri goizeko 7:00ak baino lehen eta 14:30ak baino lehen erretiratu beharko dira. Zenbatu eta sailkatu ez diren aziendek dietak izanen dituzte, 50 eurokoa behi aziendek, 10 euro ponnyek, 20 euro zaldi aziendek eta 15 euro ahariek.
Plazan aziendak ikusgai dauden bitartean, 11:00etan aizkolariak ariko dira eta ondotik bertsolariak, Sebastian Lizaso eta Jexux Mari Irazu Bortzirietako bertso eskolak antolatutako saioan.
Plaza inguruan eta Bittiria karrikan hainbertze saltzaile ere izanen dira, beraien produktuak salgai dituztela.
Pilota partida bikaina bazkalondoan
Bazkalondoan, arratsaldeko 17:30ean pilota partida bikaina izanen da: Olaizola II eta Zabala, Bengoetxea VI eta Otxandorenaren kontra. 19:00etan dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean Tz taldearekin, Lesakan aurtengo udazkeneko feriak akautzeko.